Mahaia, Legebiltzarrekoa ala Legebiltzarrarena ote?
Euskal komunikabideei jaramonik egingo badiegu, Mahaia Legebiltzarrekoa da, ez Legebiltzarrarena. Nik neuk esango nuke, ostera, Legebiltzarraren Mahaia dela, ez Legebiltzarreko Mahaia.
Nire eskasean nik neuk esango nuke Bakartxok zuzentzen duen Mahaia Eusko Legebiltzarrak dituen organoetako bat dela eta ez hor nonbait, bazterren batean, dagokeen mahaia. Beste modu batez esanda, nekez nahas ditzakegula bost legebiltzarkidek osatzen duten barne-erakundea eta bost berberoriek aurrez aurre elkarrekin biltzeko erabiltzen duten zurezko altzaria.
Nik esango nuke parlamentuak izan ditzakeen araudiak, egitekoak eta betekizunak Legebiltzarrarenak direla eta bertan izan daitezkeen giroak, eztabaidak, esamesak eta ika-mikak, aldiz, Legebiltzarrekoak. Are gehiago, nabarmendu beharraren beharrez, esan ere esango nuke ez direla berdinak Legebiltzarreko proposamenak eta Legebiltzarraren proposamenak. Lehenengoak lirateke bertan eztabaidatzen direnak eta bigarrenak, aldiz, Legebiltzarrak onartu eta bere egindakoak.
Zenbaitek pentsa lezake berdin samarrak direla bata zein bestea (bada biak testu berean erabiltzen dituenik ere) baina, ene irudiko, adiera bi horien artean balore-kontu nabarmena egon ere badago. Idazterakoan (irakurtzerakoan) erraz bereizten ditugun bezala “Mahaia” eta “mahaia”, hitzegiterakoan (entzuterakoan) ez dira garrantzi edo maila berekoak “Legebiltzarraren Mahaia” eta “Legebiltzarreko mahaia”, sekula maila berekoak izan ez diren bezalaxe “Euskaltzaindiaren Biltzarrak” eta “Euskaltzaindiko biltzarrak”.
Labur asko esanda, Bakartxo Tejeria banintz, nik nahiago Eusko Legebiltzarraren Mahaiaren lehendakari izatea, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko lehendakari izatea baino. Baina bistan da ni ez naizela Bakartxo Tejeria, bekokira begiratu besterik ez dago.
Eusko Legebiltzarraren Mahaia zutik, kazetarien aurrean,
Eusko Legebiltzarraren Mahaia eserita, Legebiltzarreko mahai-inguruan
Horrez gain, ule luziakin neretako gaztiago eta polittago dago, baina edade bateko "andriak" seguru nahixago izango dabela ule motzakin.