Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Magnetismo urruna

Magnetismo urruna

Amatiño 2013/09/27 23:55
Oliver Stone-ren VII. eta VIII. dokumentalak (“The untold history of the Unites States”) ikusteko asmotan Donostiaraino joan, okerreko aretoan sartu eta Isabel Ayguavives zuzendariaren lehen filma ikusten amaitu. Ezkutuko magnetismoren baten eragina ote?

Nolabaiteko alferraldia nabaritu dut, aurkezleak El árbol magnético filmaren izenburua adierazi, argia amatatu eta uste gabeko pantaila aurrean ikusi dudanean nire burua. Nire baitan pentsatu dut: “eta orain Zuzendari Berriak saila, auskalo Txileko zein pelikula, puuufff, ze arraio egiten dut nik hemen?”. Baina zuzendari galiziar gaztearen ilusio-irriparrak bigundu nau eta ez naiz jaikitzen ausartu. Ezta damutu ere.

Gaur egun normaltzat jotzen ditugun irizpideen arabera, pasatu pasatu, ezer gutxi pasatzen da film guztian zehar. Erabaki beharrik balego gidoia interesagarria den ala ez, ez da; eztabaida balitz erritmoa lasterra ala geldoa den, nabarmen mantsoa; inork galdetuz gero dibertigarria ote, ezin baietz erantzun. Zuhaitz magnetiko honen inguruan ez dago gaiztorik, denak dira on hutsak; ez dago euren arteko harreman latzik, denak dira goxoak; guztia da leuna, apala, naturala, arrunta, xumea. Amodio esplizitorik ere ez da (are gutxiago sexurik), ezta emozio lar handiegirik ere. Baina, hala ere, zer gerta ere, Txileko zuhaitz magnetikoak badu, antza, isilpeko erakarpenen bat, ezkutuko magnetismo xarmangarriren bat.

Ildoxka beretik Andrés Gertrudix eta Manuela Martelli aktore-aktoresak filma bera bezain naturalak dira, gardenak, zintzoak, xeheak, tolesgabeak, begirada argikoak... garbi-usaindunak, gure ama zenak esan izaten zuenez. Baina urrunak, zeharo urrunak, azken sekuentziaren atzenengo planoan, arbola magnetikopean, neskak mutilari egiten dion sasi-fereka galduaren antzera.

Zinema femeninoa ote?

Manuela Martelli

Manuela Martelli aktoresa txiletarra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: