Magnetika, kimika eta estatistika
Komunikabideek lantzean behin gertatu ohi diren anekdota bitxi horietakoa bailitzan eman dute albistearen berri baina, nago, Lakuako funtzionario-talde horren zertzelada ez ote den uste baino arruntago eta usuago.
Egunkarietaraino heldu ez zen arren, orain hurrengo antzerako zerbait gertatu zen produktu kimikoak erabili ohi dituen Gipuzkoako enpresa handi samar batean. Batera-batera, pare bat minbizi-kasu gertatu zirenez gero alarma gorria piztu zen eta behar besteko ikerketak egin ziren, unean unekoak zein aurreko hogeitaka urtekoak.
Ondorioak, adierazgarriak. Batetik ez zen batere frogarik aurkitu produktu kimikoen erabilera eta minbizia elkarrekin lotzeko. Bestetik, kontrakorik itxaro arren, administrazioko bulegarien artean laborategian ari ziren kimikarien artean baino minbizi-kasu gehiago agertu ziren. Segurutik, haiek hauek baino adinduagoak zirelako, bizimodu geldoagoa zeramatelako edo gehiago erretzen zutelako. Kimikariek debekatua zuten euren lanpostuetan erretzea eta bulegariek, aldiz, garai hartan ez behintzat.
Horrez gainera, azpimarragarria gero zein erreparo handia sortarazten diguten hitz “kimikoek”. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentzia (International Agency for Research on Cancer) aipatuz Euskal Herriko Kimikarien Elkargoak maiatzeko azken alean bertan dioenez, jendea ezer gutxi ikaratzen da minbizia eragiten duten tabakoaz, kafeaz, edari alkoholikoez edo eguzkiaz, baina sekulako alarma sortu izaten da, aldiz, eguneroko bizitzan guztiz ezohikoak diren produktuen inguruan, kromoa, sufrea nahiz beste edozein izen “tekniko” izan.
Dena den, Lakuako lantokira itzuliz, beti ere komenigarria da giza-multzo txikiez interpretaziotan hasi aurretik estatistikaz ahaztea. Aski litzateke noizbait Orexan minbiziak jotako bi gaixo elkarrekin egokitzea, estatistikak euskal ingururik “minbizigarriena” Orexa dela froga lezan.
Eremu elektromagnetikoak eta minbizia
http://www.bioinitiative.org/freeaccess/report/index.htm