"Made in Spain"
Hamazazpiok ordezkatzen dituzten enpresa-motei bagagozkie, hiruna enpresa banketxeak dira (BBVA, Santander eta La Caixa), eraikuntzakoak (ACS, Ferrovial eta Acciona) eta komunikazio zein komunikabide esparrukoak (Telefónica, Planeta Taldea eta Havas Media Group). Horrez gainera, beste enpresa bina, energiaz (Iberdrola eta Repsol), ehungintzaz (Inditex eta Mango), banaketaz (El Corte Inglés eta Mercadona) eta zerbitzuez (Mapfre eta Barceló Taldea).
Albisteak hausnarketa bi sortarazten dizkit. Lehen eta behingoz, ez dagoela zalantzan España jatorri-markak arazo larriak dituenik nazioarteko merkatuetan. Urrunegi joan beharrik gabe ez da gurean falta “made in Spain” zigiluaz saldu beharrak abantailak baino gehiago eragozpenak dakartzala ahopean salatu izan duen enpresaririk. Baina, nonbait, zenbait enpresari txikiri agirian onartzen ez zaion salaketa egia ofiziala bihurtu zaigu handien ahotan.
Horrez gainera, ez dut esango hamazazpi konpainia garau horien buruak nor ez direnik espainiar ekonomia-sektoreak ordezkatzeko baina, behar bada, arazoa ez da dauden guztiak ote diren, behar luketen guztiak ote dauden baizik. Izan ere, nabarmen gero zerrenda horretan euskal burdina-tradizioari datxekion industriaren falta. Alegia, altzairugintza, metalurgia, automozioa, ontziolak, aeronautika, ekipamendu-ondasunak, makina-erreminta, esku-lanabesak, etxetresna elektrikoak eta antzerakorik eza.
Seguru gero bestelako sektoreak ere zeharo garrantzitsuak direna baina, gurean behintzat, ezin ukatu iaz Euskal Autonomia Erkidegoak esportatu zituen 17.545 milioi euroetatik %85-90 inguru industria-ekoizpenak, makina-erremintak, ekipamendu-ondasunak eta automozioa izan zirela. Hain zuzen ere, Euskadiren bezeria teknologia landua, balio erantsia eta kalitatea eskatzen duten merkatuek osatzen dute; hau da, euskal ekoizpenak, besteak beste, “made in Germany“ eta pareko marken aurka lehiatu behar izaten du eta, seguro gero, ez dela batere samurra.
Hau ez da teoria, nolabaiteko hipotesia, eguneroko zeregina baino. Iaz, 2010ean, Euskal Autonomia Erkidegoko 7.162 enpresa izan ziren euren produktuak eta zerbitzuak Espainiatik kanpoko merkatuetan saldu zituztenak. Zazpi milatik gora enpresa ez dira gero artaleak! EAE da, Katalunia eta Madrilekin batera, erkidegorik nazioarteratuena. Beti ere onuragarri litzateke oinarrizko datu hauek gogoan hartzea edozein think tank indarrean jartzerakoan.