Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Luxia, Luxia… moztu haue!

Luxia, Luxia… moztu haue!

Amatiño 2024/11/26 10:10
Aurten bete dira 65 urte sekula egindako aizkora-apusturik ospetsuena izan zela, Donostiako zezen-plazan, 1959ko apirilaren 26an. Ia 20.000 lagun bildu omen ziren Juan Jose Narbaiza “Luxia” (Azkoitia, 1921- Eibar*, 1979) eta Ramon Latasa (Sunbilla, 1930-Elizondo, 1991) aizkolarien arteko norgehiagokan. Orduan inork besterik itxaro arren, gazteenak irabazi zuen.
Luxia, Luxia… moztu haue!

J. J. Narbaiza "Luxia"

Latasa
Latasa
Latasa eta Luxiaren arteko aizkora apostu hura (1) zoramena izan zen. Autoz, tren bereziz, autobusez edo kamioiz; zaldiz, bizikletaz nahiz oinez, inoizko jendetzarik handiena bildu zen Donostiako Gros auzoko Txofre (1903-1974) zezen-plazan. Zehatz mehatz, saldu, 17.890 sarrera (2) saldu ziren.

Kanaerdiko hamalau enbor eta 110 onzako bi nork lehenago moztuko izan zen aizkora proba haren postura. Bi aizkolariok milioi erdi bana pezeta jarri zuten jokoan eta, apostu egitea “Francoki” debekatua egon arren, sekulako trabesik handienak egin omen ziren, baserri osoak, soroak eta abereak galdu zituztenak lekuko.

Azkenean, Luxia handia ezinaren ezinez, sunbildar gazteak irabazi zuen eta ikusleen arteko norbaitek bat-batean,  etsiantza, esan bezala: “Ai Luxia, Luxia…. Moztu haue!”. (3)

Latasa, zoritxarreko txapeldun handia

Ramon Latasa bide da sekula izan den aizkolaririk onenetakoa baina ez, horratik, suertekoena. Haren bizitza, filma egiteko modukoa da.

 Familiarik txirorik txiroenean jaioa (4), bost seme-alabetarik gazteena, mutikotan ortozik ibiltzen omen zen, abarketatarako ere lain ez zutenez. Mutikotan aizkora izan zuen jostailurik gogotsuen, eta zazpi urte baino ez zituen lehen zuhaitza bota zuenean.  Hamazazpirekin, berriz, Irati oihanera abiatu zen lan-bila.

 Soldadutza egitera Melillara bidali zutenean ez zekien irakurtzen.

 Hogeitaka urte zituela, plazarik plaza aritu ostean, hogeita zortzirekin jarri zuten aurrez aurre “Luxia” handiaren kontrako norgehiagokan.

 “Luxia”ren aurka irabazi zuen diruaz zerrategia erosi zuen baina zorigaiztoko suteak pikutara bidali zuen dena. Gutxi iritzita-edo, lankideak iruzur egin zion eta hutsaren truke basora itzuli behar izan zuen berriro.

 Basorik baso, bide batez, kontrabandoan ere aritu izaten zen eta, behin, guardia zibilarekin topo egin, hankan tirokatu eta odoletan alde egin behar izan zuen ihesi.

 Inork jakin ez zezan bere kautan osatzen jardun ostean, ebakuntza egin behar izan zioten eta, segurtasun sozialik ez zuenez, 250.000 pta. bere kolkotik ordaindu.

 Garaiko aizkolaririk onena bihurtu ondoren, bere mailakorik ezean,  biren kontra aritu behar izan zuen plazaz plaza, 47 urterekin aizkora baztertu arte.

 Bizi guztian ordutegirik gabe eta “piezako” kobratzen basoan aritu ostean, jota amaitu zuen. Are diabetesa zela-eta berna bat moztu behar izan ziotenean.

 Elizondoko zahar-etxean amaitu zuen, ahaztuxea eta bakardadean, 60 urte zituela.

---oo0oo---

* Ez dut inon aurkitu Luxia Eibarren hil ote zenaren aipamenik. Baina, gogoan dudanez, 1,90 metroko gizon-puska kalean ikusi izaten genuen, zerratokia zuen Txontan, eta nire belaunaldi bereko alaba, aitaren ezpalekoa zena. Hain zuzen, bilobaren bat --alabaren alaba--  Ego Ibarra batzordean lanean aritua omen da.  

1) “Aizkora apustuak eta txapelketak, 1949-2009”. Antton Espelosin, 2010. 700 orrialde eta 420 argazki.

2) Zazpi urte lehenago (1952ko abenduaren 7an) izana zen Donostiako zezen-plaza berean, Luxia eta Garziarenaren arteko bigarren apustua (bietan irabazi zuen Luxiak) eta 16.000  lagun bildu ziren. 

3) Gurasoekin  nintzen ni egun hartan Txofreko  aizkolapustuan. 13 urte nituen eta ez nintzen esaldiaren esanguraz jabetu amak ulertarazi zidan arte.

4) Soroan lanean ziharduela azaldu zitzaizkion amari haur-minak, eta etxera heldu aurretik jaio zen umea. 

Txofre1 1959

Luxia eta Latasaren arteko aizkora-apustua, Donostiako Txofre zezen-plazan, 1959ko apirilaren 26an. Petaca argazkia. "Juegos y deportes vascos". Auñamendi Entziklopedia, Zarautz, 1971.

Txofre2 1959

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: