Lurralde-erakundeen eta kapitalismo globalaren arteko tartea
Lurraldetasunik eta gardentasunik eza. Hona egungo kapitalismoak proposatzen dizkigun erronkak (“La gobernanza del capitalismo global”, Daniel Innerarity. HERMES aldizkaria, 43 zbk, 2013).
Batetik, kapitalismoa globala da gaur egun, tokian tokiko estatu-nazioen erabaki eta ahalmen “leuntzaileen” gainetik. Azken urteotan erabat mugatu dira estatuen erabaki-ahalmemak baina, aldi berean, ez zaizkie eskuduntza horiek erakunde globalei luzatu. Plano bitan ari dira: barrenean, estatuak, ezinean, euren lurralde mailako ahalegintxoetan. Eta, gorenean, kapitalismoa hegan, muga guztien gainetik.
Bestetik, finantza-sistemaren arkitektura gero eta konplexuagoa, beti ere estatuen kontroletik at. Gardentasuna gero eta urriagoa, eta arriskuak gero eta lausoagoak. Nazio mailako banketxeak ez dira inondik ere gauza kapitalismo globalaren jarduera behatzeko eta zelatatzeko.
Irtenbidea, teoriaz, bat baino ez: lurralde-erakundeen eta kapitalismo globalaren arteko tartea murriztu; eta, burokrazia antzuaren gainetik, egoera berria arautzeko moduko eredu aproposagoak asmatu eta indarrean jarri.