Lur promestuak libra gaitzala herri-administraziorik ezetik
Kasuak eta egoerak nekez izan ohi dira berdinak. Europa ez da Ipar Amerika, Euskal Herria ez da Kentucky eta Arabako lautada ez da abeltzainen lur promestua. Gainera, zinea zine besterik ez da –zer esanik ez zinegintza estatubatuarra— eta kontakizunaren haria ezer gutxi sartzen da hidro-hausturaren gaineko eztabaidan; baina, hala ere, filmean zehar nabarmen da gure inguru honetako tirabiretan sarri gertatzen den falta edo gabezia berbera, alegia: herri-administrazioaren aipamenik eza.
Edozein enpresaren eta hurbileko auzokoen artean gerta daitezkeen iritzi-miritzien inguruan, ohiko lan-hipotesitzat hartu izaten da enpresa dela legeria betetzen ez duena, eta auzotarrak, berriz, enpresa behartzen dutena legea betetzera. Hipotesi horrekin bat ez natorren arren gertu nengoke inorenak ulertzen ahalegintzeko, baina ez dut ordea inoiz ulertuko zergatik ika-mikak sortzen diren une berean ez zaion herri-administrazioari deitzen, galdetzen edo iritzia eskatzen. Eta kitto.
Edozein papergintza, kimika-lantegi edo enpresa isurle tarteko dela, euren aurkako salaketarik pizten den bakoitzean komunikabideek nahi izaten dute “bi parte kontrajarriak” aurrez aurre ipini, bien arrazoiak aldi berean eman, kazetari-zeregina ondo beteko bada salatzailearen eta salatuaren iritziak biltzea aski delakoan. Baina ez da nahiko. Are gehiago, ez da erabat zuzena. Demokrazian ez du beti balio frogarik gabe salatzeak, eta salatua ez dago une oro bere burua zuritzera behartua. Ezin gainera aginte-makila duenari ez ikusi egin, horretarako baitaude herri-administrazioak eta erakunde aproposak.
Hain zuzen ere, demokrazia-sisteman ezarritako legeak, baldintzak eta betekizunak konplitzen ote diren segurta dezaketen bakarrak herri-administrazioak eta erakunde demokratikoak dira. Zer esanik ez gero, guztiok bete behar ditugula indarrean dauden arauak; baina, hala ere, lege-konplimenduaren bermatzaileak ez dira enpresak, auzotarrak, taldeak, plataformak edo komunikabideak, tokian tokiko eta arloan arloko agintari aproposak baino.
Horregatik, inork eskatu gabeko aholkurik eman behar izango banu, honako batto hau bai behintzat: ez sekula lar fida herri-administrazioaren iritzia jasotzen ez duen informazioaz. Ez dut nik esango beti okerrekoa denik. Baina bai, ordea, inoiz ez dela osoa.
Jakina, noiz edo noiz izango da administrazio publikoaz fidatzeko gertu ez dagoenik. Baina, esanak esan, zer gerta ere, beti da fidagaitzagoa administraziorik eza, administraziorik eskasena baino. Herri-administrazioak interesak izan ditzake, baina erantzukizuna du herritarren aurrean. Administraziorik ezak ere bere interesak ditu, baina sekula ez, ordea, erantzukizunik.
"Tierra prometida" (Promised land). Argazkian, Matt Damon