Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Luis Martin-Santos, sei hamarkada geroago

Luis Martin-Santos, sei hamarkada geroago

Amatiño 2024/11/19 09:35
Seix Barral argitaletxeak “Tiempo de silencio” argitara eman zuen 1961ean. Hurrengo ikasturteko ekainean egin behar izan nuen literatura-etsaminean, Luis Martín-Santosen nobelaren berri galdetu zidaten. Ez nuen idazlea batere ezagutzen, ezta izenburu horretako nobelarik zenik ere. 16 urte nituen eta irailean itzuli behar. Gaiaz jabetzeko nahiko asti beraz. Baina, ez irailean eta ez harrezkero, inork ez dit berriro hartaz ezer galdetu. Isilune luzea.
Luis Martin-Santos, sei hamarkada geroago

Luis Martín-Santos

Hirurogeitaka urteren ondotik, Tiempo de silencio XX. mendeko espainiar literaturaren erreferentzia da, nobelagintzak izandako eraberrikuntzaren giltzarri eta eskola-giroan aztertuenen eta irakurrienetakoa. Aurten, aspaldiko partez, berriro erakusleihoetara itzuli da,  Luis Martín-Santos (Larache, 1924 – Gasteiz, 1964) jaio zeneko mendeurrena dela-eta,  Seix Barralek (Enrique Vila-Matas idazlearen hitzaurreaz) berrargitaratu duen heinean.

Literaktum Jaialdia-2024  (azaroak 11-24) programaren baitan,  aurkezpena aurreko ostegunean izan zen San Telmo museoan, Enrique Mila-Matas eta Javier Mina elkarrekin buruz buru. Tamalez, jendea gainezka bildu arren, ez ziren bien artean izan lar interesik sortarazteko lain. Harrigarri, gero, hitzaurre txukuna idazteko gauza den idazle saritua zein zakar eta motz suerta daitekeen jendaurrean.

Dena den, Luis Martin-Santos “donostiarraren” mendeurrena denez gero, aipagarri dira San Telmo Museoko “Askatasun garaia erakusketa, hainbat plataformatan aurki daitekeen Tiempo de silencio” filma (Vicente Aranda, 1984) eta arestian TVE2k “Indispensables” sailean egindako “Tiempo de silencio y destrucción alea.

Hala ere, idazlearen nobela baino gehiago, Luis Martín-Santos pertsona bera ezagutzeko aproposena ziur aski, “Vidas y muertes de Luis Martin-Santos”, José Lazaroren biografia. Nire ustez, nobela bera baino askoz ere irakurgarri, interesgarri eta entretenigarriagoa. Sarri esan ohi denez, nekez  errealitatea gaindi dezakeen fikziorik.

Beste modu batez esanda, egiazko Luis Martín-Santos psikiatrak ez dio batere zorrik berak nobelan asmatutako Pedro Martin minbizi-ikertzaileari. Alderantziz, benetako mediku donostiarrak mila buelta ematen dizkio fikziozko mediku madrildarrari, argitasunez, jakinduriaz, kulturaz, politikaz, familiaz, giza-harremanez, lanbide-mailaz, lagunarteaz, umorez eta jai-giroz. Baita gau-txori kontuetan ere. Ezta hurrik eman ere. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: