Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lotsa

Lotsa

Amatiño 2025/01/31 12:15
“Ez jatak gustau…”, “neri be ez…” Hauxe izan zen, hitzez hitz, kinta beretsuko bi zaharron jarduna, Coliseo atarian, “Itoiz udako sesioak” dokumentala ikusi ostean. Baina, itxura denez, inguruko giroari jaramonik eginez gero, zaharrenetakoak baino ez ginen izan, gustura atera ez ginen bakarrak.

Behar bada, espektatiba kontua besterik ez da, hogeitaka urte gazteagoren batek bota zuenez. Daitekeena. Nonbait, Ainhoa Andraka, Zuri Goikoetxea eta Larraitz Zuazo hirukoteak emozio-filma egin nahi izan du, eta gutako hainbat, ordea, informazio bila joan ginen. Zer nahi delarik, harako katarsia ez zen lar atzeman eta jasotako informazioan gehiago sumatzen da gazitik, gozotik baino.

Ez da batere ulergaitz gertatzen Juan Carlos Perezen buruzagitza –sortzaile, konposatzaile, moldatzaile eta oroerabakitzailea--, baina zer pentsa ematen du hain samur lotsatzeko joerak. Lotsa, taula gainean agertzeko; lotsa, plaza bertsuetan kantatzeko; lotsa, errepertorioa errepikatzeko; lotsa arrakastaren olatuaz gozatzeko; lotsa, olatu-gainetik anakronismoan jausteko; eta beldur, hasierako lotsa galduz gero dena bulego-lanaren pare bihurtuko.

Nekea neke, euskaraz baino ez kantatzeko erabakiari eta Euskal Herritik kanpora irtetzeko zailtasunari aurre egin behar izan dienik bada gurean, Itoizen aurretik eta Itozen atzetik. Baina, ia berrogei urte geroago, nonbait badira itoizkideak, oraindik ere ez dakitenak, ulertzen ez dutenak, zergatik taldea desagertu zen 1988an.

Inork ez dio erabakia zilegia izan ez zenik. Ezta, behar bada, aukerarik onena izan ez zenik ere. Baina behin dokumentala egitea erabakiz gero, ez ote zegoen modurik, aldi berean, katarsiaren eta informazioaren arteko zubigintza egiteko?

*Itoiz udako sesioak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: