Loteria nazionalak biltzen gaitu
Ba omen zen katalan sutsu bat urtero-urtero, Gabonak aurretik, Montserrateraino joan ohi zena, bertako Andre Mariari erregutzeko loteria tokatu zekion.
Mesedez, Ama Birjina txit agurgarri hori, badakizu zein seme leial eta esanekoa naizen, zein kataluniar zintzoa; egizu, mesedez, loteria egokitu dakidan.
Sekula ez zitzaionez, ordea, saririk suertatzen, hurrengo urteetan ere beste horrenbeste:
Ene Ama Sortzez Garbia, zuk inork baino hobeto dakizu zein herritar adoretsua naizen, Diada guztietara joaten naizen hau; egizu, arren, aurten loteria atera dakidan.
Eta hurrengoetan:
Ene Montse maitea, hemen nauzu berriro ere, urtero bezalaxe. Aurten ere katalan fina izan natzaizu, CiUri botoa eman ere eman diot eta burujabetza aldarrikatu. Otoi, egizu sariren batez jabetu nadin, zuk bai baitakizu ez dudala sekula, merezi arren, ezer irabazi.
Eta, enegarrenean, Montserrateko beltzaranak ahoa ireki eta bota omen zuen ustekabean, doinu zerutiarrez:
Ene seme kutuna, nire aldetik ahal dudan guztia egiteko gertu naukazu baina, horratik, nekez lortuko dugu ezer zuk loteriarik erosten ez duzun artean.
Auskalo horrelakorik inoiz gertatu ote den Katalunian, baina ezin gero sekula Euskal Herrian gertatu. Hemen zailki aurkituko luke inongo Andre Mariak loteriari muzin egiteko gertu legokeen euskal hiritar finik.
Gurean ez ditugu politikak eta sosak nahasten, ezta aldarriak eta loteria ere. Euskal selekzioak biltzen gaitu iluntzeko pintxopotearen inguruan; loteria nazionalak, berriz, bakoitzaren ezkutuko bakardadean. Kontua da, ordea, batzuetan, tokatu egiten dela. Eta agerian geratu.