Lorpenak eta emozioak kudeatu
Batek daki zer gertatuko den Katalunian, baina honezkero, euskal gizartean, eztabaidarik nagusiena ez da han zer gertatuko, hemendik zelan lagunduko baino.
Zenbaiti entzunez gero, badirudi Kataluniari laguntzeko modua dela Generalitateko Gobernuak hartutako erabakia etxerako hartzea, Euskal Herriari komeni ote zaion ala ez aztertzeke.
Logikoa litzateke Kataluniaren bide bertsua onartzea, aurretik bidea elkarrekin erabaki izan balitz, baina ez da hori kasua. Gobernu katalanak erabaki du erabaki duena, euskal gizartearekin kontatu gabe --eta sorterik onena opa dakioke--, baina honek ez du esangura euren ildotik itsu-itsuan jarraitu behar denik.
Euskal Herrian, gutxienez, hiru aukera ditugu abian jarriak, Iparraldean, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta, nik dakidanez, bat bera ere ez dator Kataluniakoarekin bat.
Bistan da --ETAren azken adierazpena lekuko--, ezker abertzaleak Kataluniaren hautua eredutzat jarri eta hartara jo nahi duela, katalanei lagundu (?) gurarik-edo, baina, zergatik orain bai eta, orain arte, ez?
Datua datu, Katalunian %48 inguru dira gaur egun, oraingo Gobernuari botoa emandakoak. Hala ere, Kataluniako Lehen Estatutua katalanen %88k onartu arren, ezker abertzaleari ez zitzaion sekula iruditu estatutua defenditu beharreko egitasmoa zenik. Katalanen %88k ez zuten orduan arrazoirik eta oraingo %48k bai?
Ondo dago, Kataluniari laguntzea baina, orduan, ETAk zergatik hil zituen 21 katalan Hipercorreko atentatuan? Kataluniari laguntze aldera ote?
Primeran gero, Kataluniaren eta Euskadiren arteko harremanak estutzea. Baina, orduan, zergatik erail zuten Ernest Lluch sozialista katalana, Elkarriren taldekidea eta bakebidetan laguntzen saiatu zena?
Baten batek argitu beharko du helburua Kataluniari laguntzea ote den -- edozein kasutan--, ala laguntzaileari komeni zaionean soil-soilik. Argitu beharko da, benetako xedea Kataluniari laguntzea den ala, Katalunia aitzakiatzat hartuta, Iparraldean, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden oreka politikoak hankaz gora jarri nahi diren.
Politikagintzan, aldarrikapenak egiteaz gainera, etxeko ganbaran dauden lorpenak gordetzen eta kudeatzen ere jakin egin behar da. Eta, lorpenak kudeatzen ez ezik, baita, Urkullu lehendakariak esan bezala, emozioak kudeatzen ere.
Ernest Lluch, garaiena, erail baino hainbat hilabete lehenago, euskaldun ezagunez inguratua