Loreak ez dira lasterketarako
Donostiako Zinemaldian zehar, ekoizketaren inguruko arduradunen batek esan omen zuen, antza, filmak euskal emakumea omendu, islatu edo ispilatu nahi zuela eta, nonbait, zenbaiten irudiko, inondik ere ez da gero horrelakorik lortu. Euskal emakumeak ez bide dira horrelakoak eta, gainera, film geldo-geldoa eta aspergarria omen.
Auskalo Ane, Lourdes eta Tere euskal emakume prototipoak ote diren gipuzkoar zirrikitu estu-mesturen batetik kirikatuta baina, ez balira ere, filmak ez luke semaikorik galduko. Pelikula da zuzendaritza landuaren fruitu, dago txukun egituratua, ditu aktoresa ganorazkoak, musika ona, argazki hobea eta amaiera zirraratsua. Horrez gainera, esandako guztia urri bailitzan, hizkuntzaren alderditik naturala da, jatorra, erosoa, gutxitan bezain egokia. Zinea, telebista, antzerkia nahiz zirkoa izan, zein euskal ikuskizunek eskaintzen du gehiago?
Geldoa dela? Bai, geldoa da. Ez da telesaila, baina ez dut imajinatzen gai eta izenburu bereko ekoizpenik lasterka, harrapaka, antxintxiketan edo abia bizian. Lantzean behin, inondik ezean heltzen diren loreen erritmoaren ildotik, kontakizunak lasaiantza behar du izan, adagioak malenkoniatsuak diren moduan edo zortziko handia hamahirukoan sartzerik ez dagoen bezalaxe, hegaztadaren letxe jo edo kantatu arren.
Ondo dago galaxia digitalari bat-bateko eta ziztu biziko erantzuna eskatzea. Egia da pazientzia maldan behera doakigula. Baina, zer gerta ere, ez gara gero hasiko giza-harremanen arteko barne-hausnarrari gutxieneko patxada ukatzen.
Ez naiz ni, besterik gabe, euskara aldarrikatu nahiak bultzatuta iritziz lausotzen diren horietakoa. Agian tronpatuko naiz, baina esango nuke Loreak filma --geldoegia delako edo hiru emakumeak behar bezain “benetakoak” ez direlako-- gutxiesten duen ikusentzulea euskal kontsumitzaile uzkur samarra dela. Ustekabean, edo ezustean, euskal bezero motela dela aitortzen diharduela, alegia.
Eta... erdal ikusentzulearen ikuspegiaz zer? Ez dakit, ni ez naiz erdal ikusentzulea, ezta zine-kritikaria ere. Ni euskal kontsumitzailea baino ez naiz eta --aitor dezadan-- izaten jarraitzeko, nahiko zeregin!