Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Loiuko aireportuaren segurtasun-zalantzak

Loiuko aireportuaren segurtasun-zalantzak

Amatiño 2016/05/15 10:00
Auskalo Loiuko aireportuko seinale-zerrendak zein kontrol-mota duen zuzendaritzaren aldetik. Baina inoiz sumatuko banu hegazkinen segurtasuna bertako euskara-mailaren pareko dela… zalantzan jarriko nuke hegazkina hartzea erabaki zuzena ote den.

Loiuko aireportura hegazkinez heldu eta, aparkaleku-sarreran, honako seinalea dago, aurrez aurre, nahitaez ikusi beharrekoa:

Loiu

Batek daki nori zor ote zaion euskarazko testuaren ardura baina, begi-bistakoa ematen duen errakuntzaz gainera (ordaintu), esango nuke esan:

1. Itzultzailea euskaldun berria dela.

2. Ez lukeela EGArik gaindituko.

3. Ez duela Euskaltzaindiaren aholkurik hobesten.

Euskaldun berria dela diot, euskaldun zaharrok ez dugulako ibilgailurik erretiratzen, jasotzen baizik. Ibilgailua erretiratuko genuke zaharkitua balego edo matxura larririk balu. Baina aurretik aparkalekuan sartutako autoa ateratzeko, ez da ezer erretiratu beharrik, jaso, soil soilik, baino ez.

Eta ibilgailuez ari garenez gero, testugileak ez lukeela EGArik gaindituko sumatzen dut, ze, euskaraz behintzat, ingelesez bezala, kotxe-alogera kotxe-alogera baita, eta ez kotxeen alogera.

Hain zuzen ere, nago ez duela Euskaltzaindiaren aholkurik gogoan hartzen, akademiari jaramonik egitekotan, “kotxeak”, gurdiak, bagoiak eta haurrak eramateko orgak baitira, eta nik ez dut sekula Loiuko aireportuko aparkalekuan horrelakorik ikusi. Nire uste apalean –eta Euskaltzaindiaren aburu jantzian— aparkalekuetan zenbait ordutan edo egunetan utzi ohi ditugun lau gurpileko ibilgailuak autoak dira, edo beribilak, baina, inondik ere ez gero, kotxeak.

Ironiaz baino ez bada ere, auskalo Loiuko aireportuko seinale-zerrendak zein kontrol-mota duen zuzendaritzaren aldetik. Baina inoiz sumatuko banu hegazkinen segurtasuna euskara-mailaren pareko dela… zalantzan jarriko nuke hegazkina hartzea erabaki zuzena ote den.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: