Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Loiolatik Erlo gainera

Loiolatik Erlo gainera

Amatiño 2024/09/10 23:30
Euskal Autonomia Erkidegoan ez dira asko bizikletaz igo daitezkeen 1000 metroko desnibelak (1). Mila metrora iritsi ez arren, baina segurutik kilometroz laburrena eta, hartara, pendizik handienetakoa, Izarraizkoa da, Loiolatik (87 m.) Erlo gailurrerainokoa (1.030 m).
Loiolatik Erlo gainera

Erloko gurutzea, 1030 m.

Behetik gora
Mila metro, behetik gora
Orain 40 urte inguru (1986?) igo nintzen ni estreinako, Debatik Erloko gurutzeraino, mendi-bizikletaz. Hondartzatik Zorrozpeko atsedenlekuraino (Madarixako aparlalekua, 627 m.) 15 km. errepidez eta beste lau-bost mendizidorrez Erloko antenaraino (1.009 m.); tontorreko gurutzeraino (1.030 m.), berriz, bizikleta gainean igo ezinez, bizikleta bizkarrean hartuta. Hura bai, sasoia!

 

Aurreko uztailean, San Ignazio bezperetan-edo, bizikleta elektrikoaz beste horrenbeste egingo ote nuen atera nintzen etxetik, baina ezin inondik ere ordea. Aittola-Zarreko bidegurutzerarteko lehen 15 kilometroak batere arazorik gabe, jakina, nahiz Azurkiko (2) maldak %18-19 bestekoak izan; baina ondorengo laupabost kilometroak bidezidorrez, ezta heren bat ere, nahiz bateria topera jarri. Azken hiru hamarkadotako euriek bideetako zolak jan edo irazi dituzte, eta sekulako ur-ildo edo zauri sakon eta gainditezinak eragin. Jausi ere jausi nintzen, buruz behera. Dagoeneko, niretzat baino teknikoagoa da, antza.

Azpeitialdeko alternatiba

Izarraitz (3) mendilerrora iparraldetik (Deba) igo ezinean, hegoaldeko Azpeititik (Urola) Xoxoteko aterperainokoa da aproposena. Loiolako Santutegiaren aurreko biribilgunetik Erloko antenaraino 9 km. eskas, artez arte, hainbat etapatan.

 Loiolatik gora, baserriarteko zuhaiztietan zehar errepide aldapatsu eta estua bezain txukuna, edonorentzat irekia, 3,2 kilometroz, langa itxiarekin (4) topo egin arte. Zenbait metro lehenago, bada non aparkatu, bertaraino autoz helduko denarentzat

 Langa itxita egon arren, oinez edo bizikletaz jarraitzerik bada beste pare bat kilometroz. Aldats handi-handiko errepide zabal eta eroso samarra, nahiz pendiza %15ekoa izan eta, zenbait unetan, baita %20koa ere. Horretarako da, jakina, bateria.

 Halakoren batean, galipota zein porlana amaitu eta mendizidorra hasten da, 1,5 km. bestekoa. Ez da batere gozoa, nahiz,  30 metro inguruko malkar harkaiztsua edo izan ezik, bizikletaz igotzerik baden. Ezin bada, bizikletatik jaitsi eta kitto (beheranzkoan ere beste horrenbeste).

 Debaldeko eta Urolaldeko ur-isuriak bereizten dituen Zamatoki lepoa (824 m.) Loiolatik 6,7 kilometrora dago. Hiru aukera: ezkerretik, Madarixa eta Aittola aldera, maldan behera itsasoraino, ziztu bizian. Eskuin-eskuinetik, Xoxoteko aterpera (5) eta ia bertan dagoen San Ignazioren iruditzar handikoteraino (6), Azpeitia gainean. Eta ez eskuin eta ez ezker, erdibidetik-edo aurrera jarraituz gero, kilometro pare batean, zailtasun latzik gabeko zidorrez, Erloko antenaraino. Ez du galbiderik, beti ere begi aurrean da-eta.

 Azkenik, bizikleta elektriko astuna bizkarrean luzaro eraman ezinik-edo bada, bazterrean utzi eta tipi-tapa, oinez, Erloko gurutzeraino, Zestoa gainean.

Merezi du. Goiz batez egiteko moduko joan-etorria da. Xoxote aterpetxe atariko pagopean pare bat arrautza eta pernil gazia jateko aukeraz, garagardo (zero) eta guzti, 

 ---ooOoo---

1. Besteak beste, badira mila metro inguruko desnibelak Gorbeian (Arraba eta Ermitabarri), Aizkorrin (Urbia), Anboton (Zabalandi) eta Oizen (antenetaraino). Kontua da, oso goraino iristen diren arren zidorrak, hasi ere dezente goitik hasten direla. Urbia, Zabalandi eta Oiz tontorrera iritsi izan nintzen gaztetan, mendi-bizikleta arruntaz. Hain zuzen, Urkiola-Zabalandi-Betsaide-Kanpatzar-Elgeta ibilaldia da nik mendi-bizikletaz sekula egindako politenetakoa. Eta ez da batere zaila. 

2. Azurkiko altimetria, Sasiolatik

3  Izarraitz, izar-haitz dela ez dago zalantzan. Begiratu besterik ez dago (ikus argazkia). Kontua da, ordea, zer ote den hemen "izar". Errazena da zeruetako argizagia dela uste izatea. Belar-motaren bat ere izan omen daiteke.  Baina, balira, "argizagi-haitz" edo "belar-haitz" ez lirateke, behar bada, zentzuzkoenak. Azkuek 1905eko hiztegian jaso zuen "izar", toponimian, "garai", "gain", edo "goi" dela, eta hala balitz, "Izarraitz","Izarbe" edo "Izarra"  (634 m.) leku-izenek erabateko zentzua izango lukete.  

4 Kontserbazio bereziko eremu izendatua da.

5. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak 1983an eraberritua.

6. 1956 urtean jarria, Ignazio Loiolakoa jaio zeneko 400. urteurrenean. 

.

San Inazio
San Ignazioren iruditzarra Erlo aldetik ikusia. Barren-barrenean, Azpeitia

.

Aldapa
Behetik gora, sekulako pendiza. Goian, barrenean, Izarraitzeko zurigunea
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: