Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lobby onak eta lobby gaiztoak

Lobby onak eta lobby gaiztoak

Amatiño 2023/03/22 08:55
Norbaitek gogorarazi beharko lioke Denis Itxasori, “euskal lobbya” aldarrikatu zuen aurrenetako lehendakaria Patxi Lopez izan zela, 2009an, Bruselan, “euskal interes ekonomikoak Europar Batasunean defenditzeko”.
Lobby onak eta lobby gaiztoak

Alain Rousset, aurreko azaroan, Petronorren

Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatzen duten Euroeskualdea bildu da Donibane Garazin eta, besteak beste, bat egin du astebete lehenago, Gasteizen, Galiziak, Asturiasek, Kantabriak eta Euskal Autonomia Elkarteak aho batez aldarrikatu zutenarekin. Hau da, Frantziako Gobernuak behar duela, Bruselan adostutako epe barruan, Abiadura Handiaren Trenaren egitasmoa burutu. Hartara, lau partaiderekin hasi zen zorioneko lobbyak sei bidaide ditu honezkero.

Donibane Garazin zein Gasteizen onartu aldarrikapena Emamnuel Macron presidente frantsesari luzatzen zaio artez arte, Pedro Sánchez espainiarrari, zeharretara, eta ez du leku onean uzten Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria.

Denis Itxaso ez zen oso fin egon, itsasaldeko lau autonomiek, elkarrekin Gasteizen bildu ostean, Kantauriko lobbya osatu zutenean. Haren ustez, helburuak ez omen dira lortzen presioz, behartzez edo estutzez, diplomaziaz eta elkarren laguntzaz baizik.

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozemaileak erantzun zion, berriz, lobbyak izan badirela Europar Batasunean (1), eta beti izango direla. Kultura Sailburuari ez zaio arrazoirik falta baina, ez balu ere, norbaitek gogorarazi beharko lioke Itxaso jaunari euskal lobbya aldarrikatu zuen aurrenetako lehendakaria Patxi Lopez izan zela, 2009an., Bruselan, “euskal interes ekonomikoak Europar Batasunean defenditzeko”.

Lobbya, bai, hitzez hitz euskal lobbya esan zuen Lopez lehendakariak, nahiz berehala, badaezpada, “hitzaren zentzurik onenean” ñabartu. Baina, esanak esan, horratik, lobbyak ba al du, berez, zentzu txarrik?

Lobbyrik gabe, nola?

Orain hogeita hamabosten bat urte, Washingtongo Capitolioan lobby-sistema amerikarra egoskor asko aztertzen niharduela, apropos jarritako diputatua luze samar aritu zitzaidan lobbyaren zertzeladak, niri propio, ulertarazi gurarik.

Baina, noraezean edo sumatu ninduenez –erabat aurreiritziz josia edo amore eman nahi ezean-- honelako zerbait esan zidan: Well, alderantziz egingo dugu, esango al didazu zuk aurrenik, zelan funtzionatzen duen zuen sistema politiko europarrak lobbyrik ez baldin bada?

Maria Chivite, Laurent Inchauspé, Alain Rousset, Iñigo Urkullu
Laurent Inchauspé Donibane Garaziko alkatea, udaletxe aurrean, Maria Chivite, Alain Rousset eta Iñigo Urkullu lehendakariekin.

 

 Europar Batasuna Alemania eta Italiaren eskabidea onestekotan ari da

(1) Hain zuzen ere, atzo arratsaldean zabaldu zenez, Europar Batasuna iritziz aldatu eta proposatzekotan omen da 2035etik aurrera errakuntza-motorreko autoak matrikulatzen jarraitu ahal izateko zirriborroa, beti ere erregai sintetikoak (ez fosilak) erabiliz gero.

Alegia, O isuriak lortzeak jarraituko luke helburu izaten baina, "neutralitate teknologikoa" eta "estrategia inklusiboa"  eraginez, teknologia jakineko bat edo beste derrigortu beharrik gabe.

Proposamen hau, bistan denez, Alemaniako zein Italiako automozio-industriaren eskariari amore emanez hartuko litzateke eta, besteak beste, euskal automozio-sektorearen mesedetan suertatuko. 

Hain zuzen ere, Petronor eta beste hainbat findegi abian dira honezkero, 0 isuriko bioerregai berriztagarriak, eta sintetikoak hamarkada hau amaitu aurretik merkaturatzeko- 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: