Loarre vs Bolea
Zibilizazio biren arteko norgehiagoka nafar hura Loarrek (aragoieraz Lobarre) irabazi zuen (1101). Baina, hain zuzen ere, garaipenaren garaipenez galdu zuen defentsa-helburua eta, ondorioz, indarrean jarraitu ahal izateko zeregina. Antso III.ak 1059an eraikiarazi zuen gazteluak harro asko dirau oraindik ere zutunik, baina aspaldian galdu zuen sortze-arrazoia: gerra.
Boleak (Buleya, aragoieraz), aldiz, gerra galdu arren, XIX. mende arte iraun ahal izan zuen Aragoiko merkatuaren ardatz, Zaragozatik Flandriara arteko bidegurutze eta Kataluniatik Santiagorako igarobide.
Hain zuzen ere, XVI. mendean ganorazko kolegiata eraiki zen musulmanen gotorlekuaren gainean, Pedro Irazabal arkitekto gipuzkoarraren eskutik eraiki ere, eta XIX. mendeko eliza-desamortizazioa indarrean jarri arte, Boleak mendez mende iraun zuen eskualdeko jaun eta jabe.
Inguru-minguruak merezi du joan-etorri patxadatsuren bat eta, bueltan, Aierbetik Iruñera bidean alegia, Riglosko malloek nahi beste argazki ateratzeko interesa eragin diezaiokete igande-ibiltariari.
Wikipediak dioenez, Europako gotorleku erromanikorik zainduena omen. Baina, Europatik kanpo izan al da inoiz gotorleku erromanikorik?i
Boleako kolegiata, Pedro Irazabal gipuzkoarrak eraikia, 1545-1559 bitartean
Riglosko malloak, eskalatzaileen paradisu