Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Literatura, zinea eta telebistaren arteko zinbili-zanbulua

Literatura, zinea eta telebistaren arteko zinbili-zanbulua

Amatiño 2010/05/16 20:05
Garrantzitsuena ez baita unean uneko arbola bakanen, landare-mota bitxien edota han-hemenkako belar ezezagunen izen-pila, egileak azaldu nahi digun zuhaizti naro eta mardul osoa baizik, literatura, zinea eta telebistaren arteko zubigintzan –edo zinbili-zanbuluan— dagoen basoa alegia. Basoa baso, zine-aretoan erabat ulertzen ez ditugun sekuentziek atzera-pausurik ez duten bezalaxe, hemen ere antzerako. Testu osoaz jabetzeko irakurtzeari utzi eta wikipediari ekiten dion irakurleak ez du sekula libururik amaituko.

Jakinekoa da gero Harkaitz Canoren Ojo y medio. Cine, literatura, TV y otras artes funerarias (Meetok, 2010) atseginez irakurriko duen irakurleak zinema eta literatura gustuko dituena. Ez da batere segurua, ordea, zinemazale eta irakurle amorratu izatea aski denik gure lasartearraren saiakera gogoz irakurtzeko.

Harkaitzek ez du bere ekarria idatzi asteburu honetan Robin Hood ikustera joan diren milaka zinezaleentzat (35 inguru euskal zine-aretotan estreinatu da aldi berean), ez Stieg Larssonen trilogia irentsi dutenentzat, ez eta Doctor en Alaska telesaila gogoan dutenentzat ere. Are gutxiago, jakina, Ana Karenina nobela irakurri edo El perro andaluz filma ikusi zutenentzat. Orduan… norentzat idatzi du? Ba, garbi dago, honako hau ere “zinemara egokitu ezin den liburua” dela ulertzeko gauza den jendearentzat, hamalau urtetik gorako guztientzat alegia.

Asteburu battoan irakurtzeko moduko liburu honek izugarri informazio asko eskaintzen du, irakurle arruntaren ahalmenetik kanpo dagoen ikaragarri datu pila, etenbako titulu mordoa, izen ugaria, xehetasun joria... Eta, behar bada, irakurri ere horrela irakurri behar da, zer gerta ere etenik gabe, garrantzitsuena ez baita unean uneko arbola bakanen, landare-mota bitxien edota han-hemenkako belar ezezagunen izen-meta, egileak azaldu nahi digun zuhaizti naro eta mardul osoa baizik, literatura, zinea eta telebistaren arteko zubigintzan –edo zinbili-zanbuluan— dagoen basoa alegia. Basoa baso, zine-aretoan zeharo ulertzen ez ditugun sekuentziek atzera-pausurik ez duten bezalaxe, hemen ere antzerako. Testu osoaz jabetzeko wikipediari ekiten dion irakurleak ez du sekula liburua amaituko, aurretik asper-asper eginda etsiko du-eta.

Kreditoei jaramonik egingo badiegu, berriz, honako erdal edizio hau orain urte bi Harkaitzek berak plazaratutako Zinea eta literatura. Begiaren ajeak (Elkar, 2008) delakoaren itzulpena omen da. Behar bada ez da gezurra, baina ezta lar egia ere. Adibidez, euskal bertsioaren aurren-aurrenengo paragrafoak 66 hitz ditu, erdarazkoarenak 148 dituen artean. Hizkuntza bien morfologia ezberdinari leporatzeko modukoa baino dezente tarte handiagoa.

Baina ez gero horratik pentsa testua luzatu, osatu eta aberastu izana azpimarratu nahi honetan kritika izpirik dagoenik. Harkaitzek izugarri ondo idazten du, erraz, samur, garden, zoli, artez, sekulako jiteaz eta etorriaz. Sumatzen zaio gainera (auskalo gero horrela ote den!), batere ahaleginik gabe "itzuli" duela, borborka, uholdeka, barne-jarioari amain emanez, inori azalpenik zor ez dionaren askatasunaz. Azken kapitulua (aurreko parea eta gainerako guztia bezalaxe), Coda final: eppur si muove, demaseko gozada da, plazer handiz irakurtzeko bestekoa, penaz uzten den horietakoa.

Handitzen naizenean gaztelaniaz horrela idaztea gustatuko litzaidake.

harkaitz

Harkaitz Cano

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: