Lisbeth eta Rosa
Aurreko asteburuan, afalosteko lagunarteko solasaldian eta Vocentok argitara emandako El antivictimismo de Lisbeth Salander artikulua tarteko, tratu txarrak jasandako literatura-protagonisten “sinesgarritasuna” izan genuen mintzagai. Eta, besteak beste, aipatutako Lisbeth Salander neska ospetsuaz gainera, baita Zoaz infernura laztana eleberriaren baitan Anjel Lertxundik landutako Rosa pertsonaia ere.
Bai, behar bada, Stieg Larssonen protagonista antibiktimismoaren adierazgarririk nabarmenenetakoa dugu eta Anduren Rosa, ostera, biktimarik homologagarrienetakoa, baina, hain zuzen ere, horrexegatik zatia errazago identifikatu gaitezke Rosarekin, Lisbethekin baino.
Segurutik Lisbeth espektakularragoa da, mitogarriagoa, ikurgarriagoa eta, beraz, aldarrikatzaileagoa. Baina, aldi berean, baita arrotzagoa ere, eta ez suediarra delako, arras molde ezohikoa delako baino.
Alderantziz, ordea, Rosa ez zaigu etxeko egiten Iruñerrian edo bizi delako, drama hurbila bezain arrunta islatzen digula baizik. Lisbeth best-seller komertzialaren produktua da; Rosa, aldiz, geure gizartearen malurik latzenetakoaren ispilu. Onenean ere, Larssonenak nobela bizkorra izan nahi du; osterantzean, Lertxundirena bizitza nobelatua da. Lehenak sinesgarriarenak lortzeko mortalak eta bi egin behar dituen artean, bigarrena, berriz, esan gabe doa, berez da mortala, bene-benetakoa baita.
Nere inguruko neskei (hirurogei urtetik gorakoak) entzundakoari jaramonik egingo badiot, eleberriaren alderdirik harrigarriena Anduk erakusten omen duen eme-psikologiaren ezagutza da. Beraien esanetan, gizonezkoak nekez eman omen ditzake emakume jipoituaren horrenbeste zertzelada físiko eta psikologiko zehatz, horrelakorik soinean sufritu ez duenen baten laguntza zuzenik gabe.
Nere neska-lagunen iritziz, Zoaz infernura laztana historia tristea da, errotik tristea. Neri, ostera, beste hainbat adjektibo bururatu izan zitzaizkidan dezente lehenago: gogorra, deserosoa, lotsagarria, gogaikarria… Nik dakidalarik behintzat, ez dut sekula Rosa lako emakumerik bertatik bertara ezagutu. Baina, zinez diot, Tomasen bikiren bat nere inguru-minguruan aurkitzeko ez dago Diogenesi kriseilutzarrik eskatu beharrik.
Dena den, segurutik ez dago gizonik bere burua Tomas-tzat joko duenik baina, gutako zenbatek esango luke ez duela sekula, sekula gero, Inazioren nolabaiteko eskurik jasotzeko tentaldirik izan?
Eta amaitzeko, behin honaino helduz gero, esan dezadan Zoaz infernura laztana gaur egungo euskal erakuslehioan dagoen nobelarik irakurgarrienetakoa dela. Hasi eta buka interesa dario, erritmoa du, azelerazio-punttua, berba-ekonomia, egoera eta sentimendu konplexuak xinple asko azaltzeko trebetasuna. Darabilen hitz-jarioa beste hainbatetan baino artezagoa da, ez hain barrokoa edo jantzia, eta, laburbilduz, gustua gustu, irakurzaletasuna suspertzen duten liburu horietakoa.