Lino Akesolo, eruditoa
Dimako Udalak eta Euskaltzaindiak elkarrekin ospatu dute, bart iluntzean, Lino Akesolo jaio zeneko mendeurrena. Karmeldarrak harro, dimoztarrak naro eta lege zaharreko euskaltzaleak oparo.
Dimako Oba auzoko eskola-hizkuntza euskara zen 1920an. Hamar urte baino ez zituela Larreako karmeldarren ikastetxean sartu zenean, ordu arte zirenik ere ez zekien bi gauzaz jabetu zen Lino mutikoa: gaztelaniaz eta euskaltzaletasunaz.
Hamabost urte zituen karmeldar jantzia hartu zuenean eta hogeita bost Karmengo Argia aldizkariaren (4.000 ale) zuzendari izendatu zutenean. 1936 urtea zen eta ez gero garairik onena. Urtebetez gudarien kapilau aritu ostean atxilotu eta gerra-auzitegian 16 urteko kartzela-zigorra eman zioten --"por excitación a la rebelión"--, baina ez gudari jarduteagatik, euskarazko aldizkari-zuzendaria izanagatik baino. Fiskalak esan bezala: “Ya ven, Karmengo Arjia, hasta el título ez separatista”.
Geroztik, ondoko berrogeita hamar urte luzetan, Aita Linok milaka liburu irakurri eta aztertu zituen, banan-banan, baita han-hemenka marratxoak eta ohar txikiak ezarri ere, basoan zehar ez galtzeko bidezidorrean aurrera egin ahala harri-koskorrak uzten dituenaren pare. Denetarik zekien, asko eta sakon. Eta gehiago jakin nahian hil zen, jakin-minaren minez.
Euskara batuaren kritiko zorrotz baina egiaren zale, orain dela ia hogeita hamarren bat urte esan nion Joxe Joan Txabarri adiskideari, HABEren zuzendari zela: “Fraile hau ez duk gero erraz definitzekoa…” Eta zarauztarrak patxada handiz erantzun: “Bai gizona, eruditoa!”
Bart udaletxeko arkupeetan agertarazitako oroitarria
Linguae Vasconum Primitiaeren itzulpena (Bilbo, 1966)
Nikolas Alzola eta Liko Akesolo, 1975an