Liburutegi zahar eta arraroa
Ez da gero erraza liburuak erretiratzea. Batetik, inork ez dizkizulako erraz hartzen. Gazte jendeak ez du entzun ere nahi eta zaharrek adarra jotzen ari ote zaren galdetzen dizute. Han-hemenkako liburutegiek, berriz, ez dute, teoriaz, ukorik egiten, baina bai, ordea, liburu guztien zerrenda eskatzen, gero beraiek hautatu ahal izateko. Baina baldintza horietan, Bilintxen bertsoaz gogoratu izaten naiz; Ezkon gaitezen biyok! Esan zaidazu bai! -- Ni zurekiñ ezkondu? Ni zurekin? Ja-jai!
Azken hamabost urteotan hiru liburu-garbiketa garau egin ditut. Lehenik bota nituen ezkondu (1969) nintzenetik hona bildutako gaztelaniazko saiakerarik gehienak eta fikziozko literatura guzti-guztia. Gero, berriz, garai batean seme-alabentzako erositako liburu-sorta eta ale guztiak, eurentzat zirenak etxean utzita alde egin baitzuten. Ondoren, azken hogeita hamar urteotako euskal literaturarik gehiena, saiakerak salbu. Bota ere bota nituen, gurdika, prentsa, telebista, multimedia eta digitalizazioarekiko ikerketa, azterketa eta txosten amaitezinak. Baita hamaika aldizkari, fanzine, artikulu-sorta, denetariko informazio-bildumatzar eta zahar, katalogo, ekonomia-balantza eta memoria, gastronomia-liburu, bidai-gida, mapa etab.
Eta, orduan, zer geratu ote zaidan? Ba, hasteko, gure amarengandik nik jasotako guztia, hainbat sorta (Euskera, Egan, Auspoa, Auñamendi, Olerti, Ekin, Jakin, Kulixka Sorta, Munibe...) zein denetariko literatura anitza (Darwin, Tolstoi, Dostoyevski, Lajos Zilhay, Zola, Somerset Maugham, Slaughter, Henry, Greene, Kessel, Scott, Thorwald, Ogburn, Cervantes, Pereda, Varela, Pérez de Ayala, Gavinet, Marañón, Valle-Inclán, Benavente, Pirandello, Unamuno, Baroja, Delmas, Picabea, Araquistain, Campión, Echegaray --Carmelo zein Bonifacio--, López Mendizabal, Echaide -Ignacio-, Zaitegi, Agirre -Txomin zein Jose Antonio--, Landaburu, Monzón, Urquijo, Aranzadi, Garate, Galdos, Arocena, Barandiaran, Azkue, Lizardi, Estornés Lasa anaiak, Omaechevarria, Orixe, Erkiaga, Echevarria -Toribio-, Zabala, Arteche, Etxaniz, Mitxelena --Salbatore zein Luis--, Agud, Tovar, Mugica --Gregorio--, Mujica -José zein Plácido--, Aita Donostia, Onaindia, Bilbao, Villasante, Irigaray, Ciriquiain-Gaiztarro, Barriola, Arrazola, Caro Baroja, Pelay Orozco, Ossa Echaburu, Santamaría etab. Honaino, eta gehiago, amarenak, ezin konta ahala dira-eta goraxeago aipatu sortetan argitara emandakoak.
Horrez gainera, neronek 1979 arte, liburu zahar nahiz berri, gaztetan erositako dena. Baita entziklopediak, historia-, hizkuntza-, etnografía-, paleontologia-, geografía-, arkitektura- eta pintura-liburuak ere; halaber, hiztegi mordoska eta, oro har, garai bateko kontsulta-liburuak, nahiz egungo ezer kontsultatzeko balio ez.
Zelan iritsi ote naizen galbahe estu honetara? Nik neuk ere ez dakit garbi. Sumatzen dut nostalgian, barne-segurtasunean eta amarekiko atxikimendu gozoan oinarritutako prozesu mentalean aurkitu behar direla ezkutuko sasi-arrazoiak... eta lekurik ezean, jakina!
Egia da oso liburutegi zaharkitua eta arraroa geratu zaidala, aitxitxa zaharrari eta arraroari dagokiokeena, behar bada, Baina, agian, merkatuan ez dagoena edo, orain nahi izanez gero, berriro aurkituko ez nukeena. Eta, beti ere, Interneten eskaintzarekin nekez sartuko dena lehian.
Adibideren bat edo beste azaltzekotan, behar bada ez du zentzu handirik 1943ko Salvat Hiztegi Entziklopedikoa (12 ale) edo 1953ko “Geografia Universal” delakoa (8 ale, 30X23 zm.) sekula sekulorun gordetzeak, baina nik betidanik ezagutu nituen gurasoen etxean eta, honezkero, nik beste irauteko eskubidea dute. Gero gerokoak. Beste horrenbeste esan daiteke 1959ko “Diccionario Literario” (15 ale) unibertsalaz, 1959tik honako literaturaz ez baitakar ezer! Baina, horratik, 1959 arte ez al zen literaturarik izan munduan aurreko lau mila urteetan? Dena dela, literatura zen gure amaren zaletasunik handiena, eta kitto.
Gainera, liburuak ez dira, soil-soilik, edukiak. Liburuek azala dute, usaina, haztamua, data, oroimena eta oroitzapena, nolabaiteko intrahistoria. Hau da, nik, lekurik ezean, Gabriel Marquezen “Cien años de soledad” ala Orixeren “Urte guziko meza-bezperak”, bietako bat zakarretara bota behar izango banu, ez nuke batere zalantzarik izango. Izatez, honezkero egin dudana. Nobela irakurri izan ez banu ere, ez zitzaidan ezer gertatuko. Orixeren meza-liburuak, aldiz, nire burua aurkitzen lagundu zidan nerabetan, euskaldun sentitzen, euskaraz alfabetatzen...
Geratu zaidan liburutegiak ez du, behar bada, adiskideei lagatzeko moduko liburu apropos askorik, baina, onerako zein txarrerako, nik nahi izan dudanarekin koherente da. Zergatik eta zertarako gehiago?