Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Liburuak merketu egin dira azken berrogei urteotan

Liburuak merketu egin dira azken berrogei urteotan

Amatiño 2009/12/08 16:33
Euskararen Eguna ospatzeko, Loiolan irakurri zuen Lopez lehendakariak “El impossible vencido” (Larramendi, 1729) gramatikaren hainbat lerro. Honelako liburuak erakundeen museo eta biblioteketan baino ez dira gaur egun aurkitzen baina, orain berrogei bat urte, hainbat liburudendatan egon ohi ziren salgai. Neuk erosi nuen 1969an Larramendiren gramatika Donostiako Manterolanean. 5.500,- pta. (33 €) ordaindu nuen.

Oso oker ez banago, hogeiren bat urte nituela (1965) edo ekin  nion nik lantzean behin Juanito San Martinen etxera joateari, eta gehien liluratzen ninduena XIX. mendeko  euskal liburuak ikusi eta eskutan hartu ahal izatea izaten zen. Nere etxean  ez zen libururik falta baina den-denak XX. mendekoak ziren eta gehienak, bat edo beste izan ezik, gerra-ostekoak. Behin galdetu nion Juanitori ea zelan demontre lortzen ote zituen euskarazko liburu zaharrak eta, baita berak erantzun ere: “Oin iñun ez, ezta alerik be. Oin dala hamar-hamabost urte iñok ez jittuan nahi, ganbara zikiñak garbitzen hasi eta liburu zaharrak agertu ahala zakarretara botatzen zittuan. Oin, ostera, gero eta gatxagua dok”.

Hala ere, 1965etik 1969ra bitartean nik hainbat ale aurkitu nuen Bilbon, Iruñean eta, batez ere, Donostian, Juan Arbelaizen Manterola liburudendan. Egia esan, beti izan nuen susmoa Arbelaiz jaunak banaka batzuk lagunkiro gordetzen zizkidala, liburu zaharrez gainera denetariko beste hainbat berri ere sarri erosi izaten nizkion eta.

Oraindik ere gordeta daukadan fakturaren arabera, El Impossible vencido 5.500,- pta (33 €) ordaindu nuen. Diru dezente, hilabeteko soldata inguru, segurutik nik sekula erosi dudan libururik garestiena eta emazte ezkonberriarekin negoziatu behar izan nuen lehena eta azkena.

              

Ordurarte erositako liburu zaharrak ez ziren hain garestiak. Esaterako, Aita Prai Bartolomeren Icasiquizunak (bi ale) 550,- pta. kostatu zitzaizkidan, Asteasuko Agirreren Platicac (hiru ale),  900,- pta. eta Eusebio Azkueren Parnasoko bidea, berriz, 60,- pta.

Orduko liburuen prezioen nondik norakoa sumatzeko, hona adibide gisa, denetarik piskat, Manterola liburudendaren fakturen arabera:

 -         Jesukristo – L. Villasante…………  ……………….   350,- pta.

 -         De Berceo a Carlos Santamaría – J. Arteche……… 100,- --

 -         Barne muinetan – Orixe……………………………..     25,- --

 -         Unamuno y el vascuence – M. Ugalde……………...  170,- --

 -         Estudios sobre la poesía vasca – J. M. Leizaola……170,- --

 -         Una fuente del Guero –  J. Urquijo………………....     35,- --

 -         El Santo Cristo de Vergara – R. Galdós……………    20,- --

 -         Aezkera – R. M. Azkue…………………………......     75,- --

 -         Biotz begietan – Lizardi……………………………..    120,- --

 -         Fonética Histórica Vasca – L. Michelena…………… 500,- --

 Eta hainbat aletako sortak, berriz,

 -         Euskalerriarekin Yakintza (4 ale) – Azkue…………1.350,- --

 -         El renacimiento en Guipúzcoa (3 ale) – Arrazola…  2.000,- --

Beraz, nolabait esateko, Larramendiren gramatikak 12 ale inguruko entziklopediak beste balio zuen edota Mitxelenaren hamaika Fonética adina ordaindu behar izan nuen.

Dena den, esango nuke  orduandik liburuak nabarmen merketu direla. Behar bada antzinako liburu zaharrak garestitu baina unean uneko argitalpen arruntak, ostera, merketu.

                                                 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: