Let’s get relative
Gizakia da etorkizunaz hitzegiten duen izaki bakarra. Baina honek ez du esangura beti asmatzen duenik. Esate baterako, Enciclopedia Salvat de las Ciencias Modernas delakoak zera dio Geopolítica de la Energía alean: Las reservas de petróleo conocidas sólo podrían asegurar la producción al ritmo actual durante 25 años. Liburu hau etxean daukat. Nere amak erosi zuen 1964 urtean. Baina, geroztik, petrolioaren kontsumoa ikaragarri gehitu da eta, hala ere, bistan denez, ez zen 1989an agortu.
Horrelako esaldi handi-mandirik ez da sekula falta izan. Elektrizitateak estreinako argitu zuen Parisko Opera plaza 1878ko Erakusketa Unibertsalean zehar eta Erasmus Wilson Oxford Unibertsitateko irakasleak esan zuen orduan: Parisko erakusketa ixtearekin batera argindarra hil egingo da eta ez dugu honetaz sekula gehiago hitzegiterik entzungo.
Energia nuklearraz esandakoak ere mortalak izan dira. Esate baterako, Ernest Rutherfordek --fisika nuklearraren aita eta 1908ko Kimika Nobel Saria-- bota zuen batere zalantza izpirik gabe: Atomoa bereiztetik lortu ahal den energia oso urria da. Atomoetatik energia-iturririk eragiterik itxaro duenak txorakeriak baino ez ditu esaten.
Eta, mutur batetik bestera, ia mende erdi geroago, 1955an, Alex Lewyt enpresariak harro iragarri zuen: Energia nuklearra garbitzeko ‘aspiradoreak’ merkatuan izango dira hamar urte barru. Geroztik beste mende erdi bat pasatu da eta oraindik ere ez dakigu zer arraio egin hondakin nuklearrekin.
Einstein jakitunak ere horrelako hankartzeren bat edo beste egin zuen. Haren ustez, bonbat atomikoa egitea ez omen zen batere zaila, bonba atomikoa eramateko bezainbateko hegazkin galanta egin ezina baino. Hainbat urte geroago, 1945an, hegazkin txiki samar batek lehen bonba atomikoa hartu, jaso eta Hiroshima gainean bota zuen.
Gertakari haren berri irrati guztiek eman zuten, ez ordea telebistak. Izan ere, Winston Churchill estratega handiak iragarri zuenez: Telebistak ez du sekula balio izango albisteak emateko.
Beraz, etorkizunaz hitzegitea ez da zaila. Denok hitzegin dezakegu etorkizunaz. Baina asmatuko dugun ala ez jakitea, ordea, zailxeago da. Zuhurtasuna eta apaltasuna beti ere ondo etorri ohi dira.