Lerroburuak ala burulerroak?
Lerroburua. Hona, nahiz hiztegirik gehienek bildu ez, Euskadi Irratiaren albistegiek arrunt asko aipatu ohi duten hitza. EHUren Egungo Euskararen Hiztegian edo izan ezik, ez dut beste ezein hiztegitan lerroburu adierarik edo sarrerarik aurkitu. Ez lege zaharrekoetan (Larramendi, Lhande, Azkue, Mujika…), ez egungo han-hemenkakoetan (Euskaltzaindia, Elhuyar, UZEI, Labayru, Sarasola, Harluxet, Euskalterm, Wikipedia…).
Zer gerta ere, hitz berria da antza, asmatu berria-edo, baina ezin esan gero zatarra denik. Alderantziz, jatorra ematen du, albiste-testuinguruan eragozpenik gabe aurrenengoan ulertzeko modukoa, gainera. Eraz eta moldez da “izenburu”, “idazpuru”, “atalburu”, “zerrendaburu” eta holakoen senide-edo; eta informazio-tradizio anglosaxoian txertatua, headline delakoaren euskal bertsiorik aproposena alegia. Zer gehiago eska ote dakioke ba ontzat emateko?
Kontua da, ostera, headline eta lerroburu hitzek elkarren pareko –kalko hutsa-- diruditen arren, guztiz kontrakoak direla, hain zuzen ere. Hau da, ordenari jaramonik eginez gero, lerroburuari linehead legokiokeela edo, nahiago bada, aukeran, headline erak burulerro hobetsiko lukeela. Izan ere, ingelesez ("heading") zein gaztelaniaz ("encabezamiento", "cabecera"...), ardatza edo oinarrizko ideia burua da, ez lerroa.
Ez dut nik esango lerroburu hitza euskaraz erabili behar ez denik (hiztegiek ez diote orain arte ganora askorik aitortu). Jakin ere ez dakit hizkuntzalarien ikuspegitik onargarri den ala ez, oinarrizko baldintzak betetzen ote dituen ala ez. Baina, ohiko kazetari-moldeetan behintzat, zilegi bekit esatea aldrebeskeria samarra begitantzen zaidala.
1955ko apirilaren 18ko lerroburua. Ala burulerroa ote?