Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lekeitioko Lazunarria

Lekeitioko Lazunarria

Amatiño 2021/09/29 08:55
Lekeitioko Garraitz uhartea ez da euskal itsasbazterrean dagoen irla bakarra, baina bai lehorretik bertaratzeko bakanenetakoa. Marea noiz jaitsiko zain egon baino ez dago, Lazunarria zeharkatzeko. Eta, jakina, marea igo ostean, ez dago irlatik oinez ateratzerik berriro itsasaldia jaitsi eta malekoia agertu arte.
Lekeitioko Lazunarria

Lazunarria, 245 m. luze

Lekeitioko Isuntza hondartzaren eta Garraitz (San Nikolas) uhartearen arteko malekoiari Lazunarri* deritzo. Espainiar Gobernuak (XX. mende hasieran) zein Eusko Jaurlaritzak (2015) eraberritu izan duten arren, eraiki 1748an eraiki zen, eta ez, hain zuzen, egunean birritan uharteraino joateko. Zertarako, orduan?

XVIII. mendearen hasieran Garraitz parean, Isuntza (Lekeitio) eta Karraspio** (Mendexa) hondartzen artean itsasoratzen den Lea ibaiak mendebalderantzako (ezkerraldera) joera zuen eta etenik gabeko ur-emari gorabeheratsuak hareaz betetzen zuen lekeitiar portua, itsasontzi-trafikoa murriztuz eta zailduz.

Ur-korrontearen norabidea aldatzeko, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (Arrasate, 1669 - Lekeitio, 1740) ingeniariak*** antzeman zuen Isuntza hondartza eta Garraitz uhartearen artean oztoporen bat jarriz gero, ibaiak ekialdera joko zukeela errazago, Mendexako Karraspio aldera, Lekeitioko kai-ingurua hareaz bete beharrean.

Historiak frogatu du ideia ona zela, baina Pedro Bernardo ez zen bere buruaz erabat fio, gizon zuhurra antza, eta, froga gisa, 15 metro inguru baino ez zituen harlangaitzezko horma arrunta jasoarazi zuen. 1713-1716 urteetan egindako lehen ahaleginek ez zuten funtzionatu eta egitasmook bertan behera geratu ziren.

Hartara, hareak gogotik jarraitu zuen portu-barrenak estaltzen eta 1725ean berriro ekin zitzaion arren, arazoak konpontzeke zirauen 1738an, noiz Francisco Joaquin Villarreal Pedro Bernardoren semerik nagusienak proposatu zuen Ameriketan ikusi eta ikasitako sistema. Hau da, harlanduzko 250 metro inguruko hesi finkoa, mutur batetik bestera, presa txiker antzera,  itsasbeheran ur-korrontearen pausua (eta zeraman harea) erabat eragotzi arren, itsasgoran urpean geratuko litzatekeena, txalupen, batelen edo ibaiko alen joan-etorria oztopatzeke.

Gaur egun, 280 urte geroago, nekez irudika genezakeen Lazunarri gabeko Lekeitiorik. Villarreal aita-semeen egitasmoak Lekeitioko portua segurtatu zuen eta, aldi berean, Lekeitioko bokalearen aldaketa geomorfologikoak finkatu.

Bada meritu gutxiagoz kalerik duenik.

Lakeitio zenitala
Ezkerraldean Lekeitio eta Isuntza hondartza. Eskuinean, Mendexako Karraspio hondartza. Bi hareatzen artean, behetik gora, Lea ibaiaren bokalea, Lazunarria eta Garraitz uhartea.

Garraitz-Lazunarri
Itsasbeheran.

Uharteko pasabidea
Itsasaldi biren arteko itsas-pasealekua.

Karraspio
Karraspio hondartza, itsasgoran, Mendexa aldetik ikusia.

 

*Lazun. Ur gazi-gezetako arraina. Nik umetatik entzun izan dut gurean. Betolaza arabarra (1596) aipatuz,  Ibon Sarasolak  dio gaur egun Bizkaian dela erabilien. Azkuek, Bizkaia osoan ez ezik, Zumaia eta Orio aldean ere kokatu zuen.  Plazido Mujikaren ustez giputz hitza da, nahiz Lhandek ere jaso. Euskaltzaindiaren Hiztegiak, berriz,"korrokoia” dela baino ez dio.

** Karraspio. Arrain mota izan omen daiteke. Baita Garraitz beraren eratorria ere: Garraizpe

*** Pedro Bernardo Villarreal de Berriz. Euskaldunon ekarpena XVIII.eko injeniaritzari. Bizkaiko Foru Aldundia, 1990.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: