Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez da desagertuko nere irudimenetik

Ez da desagertuko nere irudimenetik

Amatiño 2009/11/28 23:54
Egunotan gain behera botatzen ari dira orain 120 urte inguru kaputxinoek Lekarotzen eraikitako ikastetxea. Guztira 10.000 ikasletik gora pasatu omen dira handik eta, besteak beste, Jesus María Leizaola -lehendakari zaharra-, Aita Donosti, Nicanor Zabaleta, Jorge Oteiza, Pedro Migel Etxenike eta Jesus Aizpun, UPNren sortzaile eta lehendakaria. Baita aipatuko ez ditudan nere sasoiko hainbat lagun ere. Hain zuzen, nik eskubaloian sekula jokatu dudan partidarik onena Lekarotzen izan zen. Garaipenik bakarrenetakoa gero Oronotzeko ikastetxearen historian. Bai, Oronotze esan dut, ez Lekarotze.

Lekarotzeko ikastetxetik Oronotzekora bederatzi kilometro baino ez daude, baina bi giza-esparru ordezkatzen genituen. Lekarotzen zeunden handik atera eta unibertsitatera sartu behar zutenak goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko eta Oronotzen, berriz, erdi mailako ikasketak bertan amaitu eta hamazortzi urterekin lanean hasi behar genuenok. Urtean lau aldiz (eskubaloian zein futbolean, joan-etorrian bina partida) baino ez genuenez topo egiten, ez genuen elkarren berririk ere jakin izango gure Oronotzeko maisuak diferentziak nabarmentzen ahalegindu izan ez balira.

Geure irakasleen hitzetan, Lekarotzeko ikasleak, unibertsitariak izango zirenez gero, aberatsen semeak ziren eta lan-etorkizun arrakastatsua aldez aurretik zuten segurtatua. Guk, ordea, erdi mailako langile, dendari, autonomo eta enpresari txikien semeak ginenez, geure ahaleginez eta kemenez irabazi behar omen genuen irabazi beharrekoa. Guri ez omen zigun inork oparirik egingo. Segurutik errealitatea askoz ere konplexuagoa zen, baina behar bada horren zakar eta gordin esaten ziguten gu zirikatzeko eta suspertarazteko asmotan.

                   

 Oronotzeko futbol-taldea, 1962an. Eibartarrak, zutunik, ezkerraldetik bigarrena (Fidel Jauregibarria, G.B.), hirugarrena (Mikel Larrañaga)  eta  bosgarrena (Felix Del Teso  "Caracas"). Belauniko, bigarrena, Luis Aranberri.

Oronotzeko eta Lekarotzeko eraikuntzak ere arras ezberdinak ziren. Gure jolas-lekuak guztiz irekiak ziren eta futbol-zelaia Baztango larre zabala besterik ez, non ardiek bertan bazkatzen zuten. Lekarotzekoa, aldiz, harri koskorrez jositako eskola-patioa, sekulako harresiz inguratua, gora begiratuez gero zerua baino ikusten ez zena. “Alcatraz” esaten genion. Ikastetxe zaharkitu hura 1962an erre zen, zorionez. Zorionez diot, ezinbestean ikastetxe berria egin behar izan baitzuten eta baita sekulako jolas-leku berriak ere, belar eta guztikoak.

Oronotzen ehun ikasle inguru ginen eta Lekarotzen, aldiz, hiru bider gehiago. Horretara, nahiz eta gure irakasleok behin eta berriz gogoratu gu ginela onenak, adoretsuenak eta kementsuenak, kiroletan behintzat gehientsuenetan Lekarotzek irabazi egiten zuen eta Oronotzek, jakina, galdu.

Baina, 1962an, suak espetxetzar zahar hura suntsitu baino zenbait hilabete lehenago,  urteroko eskubaloi-partida jokatu genuen elkarren kontra Lekarotzen bertan eta, estreinako, irabazi egin genuen. Segurutik ez hobeak ginelako, are gutxiago atezaina ni nintzelako, guri (neri) dena uste baino egokiago atera zitzaigulako eta eurei, ostera, dena uste baino bihurriago.

                   

Eskubaloi-talde irabazlea Lekarotzeko harresi barruan, erreketaren aurretik. Ezkerraldean tente, lehena, Enrique Lafuente. Belauniko, eskuinetik hasita, Ramon Idigoras "Itxi" eta Luis Aranberri.

 

Bai, badakit orduandik 47 urte pasatu direla eta, seguraski, memoria guztiz idealizatzeko nahiko denbora izan dudala. Baina, gertatua gertatu, poetak esango lukeen bezala... nola pentsa dezakete sinesgabeek momentu hura desagertuko denik nere irudimenetik? (LETANIA. Iratzeen esporak. Igor Estankona).

                         

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: