Leizarragaren Testamentu Berria, bitte!
Anekdota hau Angel Irigaraik berak kontatzen du (zertzelada gutxiagoz eta apaltasun gehiagoz) Hugo Schuchardt hizkuntzalariaren “Primitia Linguae Vasconum” gaztel-itzulpenaren hitzaurrean (Salamanca, 1947). Gure euskaltzainak ez du ordea esaten zer egin ote zuen liburua eskuartean hartu zuenean, ez preziorik aipatzen, ez erosi zuenik aitortzen. Gertakariak ezin hobeto adierazten du, ordea, zein ohikoa zen liburu zaharren merkatua XX. mende hasiera arte. Kontua ez baita soilik eskuratzea, baita bat-batean eskatzeko ausardia –edo itxaropena-- ere.
Inoiz aipatu izan dudanez, euskal liburu zaharrik aurkitzea ez zen gurean zailegi 1970ko hamarkada arte, hainbat baserri, ganbara eta bazter ezkututan inork nahi ez zituen aleak zeuden-eta zokoratuak. Nik neuk Elgoibarko San Lorenzo auzoan aurkitu nituen Juan Bautista Agirre Asteasuko erretorearen "Eracusaldiac" (Tolosa, 1850) 1980ko hamarkadan. Afari-merienda egite aldera joan, sutondoko apaletan begira jarri denbora pasa eta… horra ustekabean! Etxeko ugazabari esan nion, jakinarenak egin zuen, baina ez nion batere sinetsi. Pare bat urte geroago berriro bertaratzeko aukera izan nuen, nora ezean begiratu eta, ordurako ez zegoen.
Nik etxean ditudan XVIII. eta XIX. mendeko dozena t´erdi libururen artean bada, lehen orrialdean, nondik norako ezaugarririk, eskuz idatzia zein zigiluz ezarria.
Del uso de R. P. I. U. Cedido por su tío sacerdote Antonio de Uriarte
Frantziskotarrek hizkuntzaren arabera bereizten zituzten
Confesóse en la Iglesia Parroquial de Zarauz, año de 1837. Lazcano
Conventus Carmelutarum Discalceatorum
Residencia JHS San Sebastián
Eta antzerako beste hainbat. Bistakoa da, ezin bestean, nor ziren irakurleak eta non ziren gordeak eta erabiliak. Edo, beste modu batez esanda, merkatura nondik nora heldu ziren. Honek ez du esangura, ordea, irakurlerik gehienak erlijiosoak zirenik.
Julio de Urquijoren datuak bilduz Koldo Mitxelenak dioenez (Historia de la Literatura Vasca. Madrid, 1960) "El libro titulado Exercicio spirituala, cuya primera edición conocida data de 1716, aparece con más de 80 ediciones anteriores a 1898 en la bibliografía de Vinson, quien sin duda no pudo llegar a conocer todas las que se publicaron. Entre 1901 y 1907 se habían hecho otras siete con un total de 50.000 ejemplares, que tenían entre 350 y 500 páginas". 50.000 ale ez dira gero artalak.
Euskaltzaindiak Joanes Leizarragaren Testamentu Berria (1571) delakoaren ale bat erosi zuen 2007ko Eguberrietan. Akademiak 20.500 ingeles libera ordaindu zituen. Pruden Gartziari jaramonik egingo badiogu hamabi ale omen daude mundu guztian. Bederatzi biblioteka publikoetan eta beste hiru bilduma pribatuetan. Julien Vinsonen iritziz, ordea, 26 ale omen zeuden 1907an. Ez dut esango aleren bat edo beste galdu izan ez denik azken ehun urteotan baina, segurutik, alerik izan arren ezkutuan gorde nahi duenik ere bada hor nonbait.
Euskaltzaindiaren alea