Lehendakari gaia (?)
“Lehendakari gaia” antzezlana da gobernuburu hautatu berriaren fikzioa, zeinean inbestidurako hitzaldia prestatzen diharduen lehendakarigaia (Iker Galartza), urduritasun hutsez, imintzioka hasten den eta psikiatrari (Zuhaitz Gurrutxaga) deitzen zaion, keinuak gainditzen lagun diezaion.
Ordubete luzeko terapiaz –haurtzaroko mamuak, mutikotako izaera “grisa”, gurasoengandikako maitasun adierazirik eza eta gaztaroko handinahiak tarteko-- lehendakarigaia joango da ezustean jabetzen politikaren aukera egiteko izan zituen sasi-arrazoi ezkutuez.
Ramón Madaula aktore eta antzerkigilearen “L´electe” 2017an aurkeztu zen Valentzian, protagonista hango Generalitateko presidentegaia zelarik. Urtebete geroago, Terrassan azaldu zen, Kataluniako Generalitateko presidente gisa, eta harrezkero, Madrilen, espainiar gobernuburu modura. Iazko udazkenetik aurrera, berriz, hona euskarazko bertsioa, sorrerako hautagai valentziarra Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai bihurtua.
Lau urteotako nondik norakoan, Valentziatik Kataluniarako iragateak –hizkuntzaz aldatu ez arren— hainbat moldaketa eta egokitzapen erakarri bazituen, zer esanik ez hizkuntza trukatu behar izan denean, gaztelaniaz lehenik eta euskaraz gero.
Ez dut nik jatorrizko bertsiorik ezagutzen baina Iker Galartza taula gainean behatu eta haren jarrerari zein etorriari jaramon egin baino ez dago konturatzeko, euskal moldea zeharo askea dela, jatorra, naturala eta gogotik egokia. Ikerrek ez du honezkero frogatu beharrik zein aktore puska den, zein berezko graziarik duen, eta zein maisu nabarmena, jendea barre-algaratan jartzen eta umore zuriz entretenitzen… nahiz hariaren zenbait topiko tipiko --infantil samarrak-- batere sinesgarriak suertatu ez.
Zuhaitz Gurrutxaga, berriz, ez ona eta ez txarra... nago ez dela, oraindik, antzerki-aktorea. Ahots ozena du, ez da lotsatia, taula gainean bizkor dabil eta errezitatzen daki. Ikasiko al du!
Lehendakari gaia eta lehendakarigaia
Antzerkian zehar aipatzen den arloa “lehendakari gaia” bada ere, protagonista lehendakarigaia besterik ez da. Aldaera bi hauek bereizteko gauza ez dena… ez da gai titulu koxkorrik ere asmatzeko.
Ez lekikeenari horrenbeste kostatuko ote litzaioke hiztegian begiratzea? Zergatik ez dira hanka-sartze lotsagarri horiek katalanez edo gaztelaniaz onartzen eta euskaraz, ostera, huskeriatzat hartzen diren, ezer pasatuko ez balitz bezala? Total, ya se entiende.
“Lehendakari gaia” antzeztu da honezkero, antza, Berrizen, Lezon, Ordizian, Villabonan, Mungian, Hondarribian, Durangon, Zornotzan, Iruñean eta Donostian (lau egun). Datorren asteburutik aurrera, berriz, Zarautzen, Azkoitian eta Elgoibarren. Eta, arrakastatsu ari denez, jarraituko du. Ezetz titulua zuzendu. Akatsa katalanez edo gaztelaniaz balitz, aldiz, seguru baietz. Duintasun-kontua.