Lehen euskal petrolio-findegia… pasaitarra ala bilbotarra ote?
Auskalo. Segurutik batak zein besteak behar besteko informazio-iturriak izango dituzte zehaztasun horiek egiteko baina, datua datu, nik esan dezakedana zera da:
1. Gontzal Avilak (Biologia Zientzietan lizentziatua eta Magisteritzan diplomatua) bere ekarpena egiten du “Emakumeak, teknologiaren historian” delako liburuan (Erein, 2020), non, besteak beste, bildu dituen, ezagunak ez izan ez arren, historian zehar izandako 150 emakume asmatzaile eta aitzindari, zeinetatik sei euskaldunak edo euskal jatorrikoak diren. Seiko zerrenda horretako lehena da Cesarea Garburno Arizmendi (1846-1933), Pasaiko petrolio-findegiaren (1883) enpresaburua. Itxura guztien arabera, Gontzal Avila Real Academia de la Historia erakundearen informazio telematikoaz baliatu da gehienbat.
2. Jaio de la Puerta, berriz, Historia Ekonomikoaz doktorea da, eta itsas- zein portu-gaietan aditua. Berea da Historia e historias del petróleo (A Fortiriori, 2016) ikerketa eta pare bat hitzaldi eman izan du Bilboko Euskal Itsas Museoan El puerto como reflejo del desarrollo industrial en Bizkaia eta Puerto e industria energética izenburuez. Baita, Radio Euskadin, Roge Blascok elkarrizketatu ere. Han-hemenka, ehundaka datu bildu izan ditu eta komunikazio barreiatu, Zorrotzako petrolio-findegiarenak (1878) tarteko.
Inor ez da perfektoa, ikerkuntza dinamikoa da, eta guztiok tronpatu gaitezke, baina huts guztiek ez dute erantzukizun berbera. Jaio historialaria, 2016an emandako datua zuzena ez balitz, denboraz legoke, normaltasun osoz, lau urte geroago Gontzalen ekarpena eztabaidatzeko eta, ondoren, ontzat emateko... edo ez. Baina Gontzal bildumagilearen iritzia okerrekoa balitz, ordea, errakuntzak adieraziko luke ez dituela ezagutzen euskal gizartean azken lau urteotan egindako ikerketak eta zabaldutako ekarpenak. Eta honek bere arriskuak ditu.
Are gehiago kontuan izanda, Gontzal Avilaren liburuaren helburu nagusia dela, hain zuzen ere, historian zehar hainbat meritu izan arren ezezagunak diren emakumeak nabarmentzea eta gogoraraztea. Eta, hartara, kasu honetan zehazki, Cesarea Garbunori ez legokiokeen lehentasuna aitortzea, onerako baino kalterako litzateke.
Enpresari eta aitzindari errenteriarrak badu, bestela ere, aitortu beharreko nahiko meritu. Baina denak ez du balio.
Lehen petrolio-ontziak
Lehen petrolio-ontziez ere informazio kontrajarria eskaintzen dute Jaio de la Puertak eta Gontzal Avilak.
Ekonomia Historialariaren datuen arabera, Fourcade y Gurtubay enpresaren lehen petrolio-ontzia, Cadagua, 1892 urtean egin zen Newcastleko (Ingalaterra) ontzioletan. Gontzal Avilak azaltzen duenez, berriz, Cesaera Garbunorenean petrolio-ontzi bat eraikiarazi zuten 1893an. 'San Ignacio de Loyola' izenez bataiatu zuten Espainiako lehen petrolio-ontzia.