Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lege zaharreko lehiakortasun afrikarra

Lege zaharreko lehiakortasun afrikarra

Amatiño 2015/08/18 00:00
Kepa Acero surflariari entzun diot, irratiz, gertatuaren berri ematen. Ez da izan, ordea, zergatik gertatu ote zitzaion azaltzeko gauza izan. Nonbait, Senegala joan zenean, birritan pasatu behar izan zuen Mauritaniako muga beretik. Harunzkoan doan eta honuzkoan, aldiz, 600 dolar ordaindu behar. Zergatik ote?

Arazo beretsua gertatu zitzaion, orain  berrogei urte luze, Jose Mari Larramendi adiskideari (gero Eroski Taldearen idazkari nagusi izatera heldu zena), Debako Arte Eskola inguruko hainbat lagunekin batera Volta Garaira (orain Burkina Faso) joan zenean. Nonbait ibaia zeharkatzeko, ibar-ertzean zegoen ala hartu behar izan zuten, baita arraunean eraman zituen alazainari dolar bana ordaindu behar ere.

Zenbait egun geroago, etxera bidean, bertan jarraitzen zuen alazainari berriro zeharkatzeko eskatu eta, baita honek baiezkoa erantzun ere, baina bakoitzeko hamar dolarren truke.

 Hamar? Nolatan hamar? Zer dela-eta, orain, honunzkoan hamar, harunzkoan bat baino izan baldin bazen?

 Ba, horregatik hain zuzen: Harunzkoan ibaia zeharkatu beharrik ez zenuten, eta bueltan, aldiz, nahitaez zeharkartu behar duzuelako, etxera hemendik itzuli nahi izatekotan behintzat!

Berrogei urte geroago ohiturak ez dira, antza, askorik aldatu. Garestitu behar bada, bai, baina aldatu ez: lehengo lepotik burua.

Kepa Acerori doan pasatu zioten zeraman autoa, harunzkoan, ibarralde batetik bestera, baina bueltan, aldiz, 600 dolar eskatu, autoz etxera itzuli nahi izatekotan. Nonbait Kepak ez zuen arrazoibiderik eskatu eta, horretara, ezta txalupazainak argitu beharrik sentitu ere.

Zertan amaitu ote zen? Irratiz esandakoaren arabera, Kepak ez zeraman soinean hainbeste diru. Autoa saldu behar izan zuen eta autobusean itzuli. Ikustekoa izango zen Getxoko surfista, inguru hartako bazterren batean, txartela eskegita zuela: À vendre

jaime
jaime dio:
2015/08/19 15:29
Hain bizkor baldin badira Afrikako alazainak, zergatik ez ote dute beren bizkortasuna erabiltzen erabateko iraultza antolatzen, lepoaren gain-gainetik dituzten jauntxo, diktadore edo multinazionalen esanetara dauden politikari ustelduak uxatzeko?
Milaka hiltzen badira Europarako txango arriskutsuan; pentsatzen jarrita nago Mediterraneoko uretan itota suertatzen diren gizaki gaixo hauen heriotza antzua, askoz baliagarriagoa izango litzateke herriaren askatasunaren alde emana izan balitz.
Guk europarrok, gure iraultzak egin genituen errege, noblezia, maila altuko kleroa eta mota guztietako bizkarroiak aldentzeko. Erabat arrakastatsuak ez ba dira izan ere, bultzada izugarria suposatu zuen Europaren historian. Afrikarrek ere, zer edo zer egin beharko lukete, ez baitute ezertxo lortuko europarren bizkarretik bizitzen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: