Leako ibilbidea, Oiz mendi barrenetik Isuntzaraino
Ibiltzeari ekin aurretik argitu dezagun, Lea alboan doan hogeitaka kilometroko arrastoa ez dela, zehatz, “bidegorria”(1), mendez mende dirauen oinezko zidor gorabeheratsua (2) baino, hainbat alderditan nabarmen egokitua (3), zurezko pasabide dotore eta guzti, zenbait bidegurutze estu-mestutan zehar. Gogoan izan, sortzez ez dela txirrindutarako burututako bidea eta, gainera, aulestiar semeak aurrez abisatu zidanez, “noiz edo noiz tekniko samarra”(4).
Historia isilaren jabe da Lea ibaia. Mendexako itsas-bokalean erromatarren garaiko aztarrenak aurkitu diren arren, ez dirudi ibaian gora gizaki erroturik bizi izan zenik X. mende arte.
Bengolako burdinolaren lehen zantzuak XIV. mendekoak dira eta Mendexako marierrota (itsaserrota) 1555 urtean eraiki zen. Jakina XVII. eta XVIII. mendeak izan zirena urrezko garaiak Learen eskualde honetan, non Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1669-1740) arkitekto, ingeniari, enpresari eta “novatoreak” presazko errota asmatu, proiektatu eta gauzatu zuen, Bizkaiko nahiz Euskal Herriko aurrerapen teknologiko zein ekonomikoa eragin eta, Gizaburuagan bertan, munduko burdinolarik garrantzitsuenetakoa garatu.
Gizaburuagako burdinolen kontuak hurrengo baterako laga eta, maldan behera, ibilbideak lehengo lepotik darrai erreka-bazterretik, Mendexako marierrotaren atariraino. Bitartean, Munitibarreko ur-zirritua gogotik gehitu eta zabaldu da ibarrak elkarrengandik paraleloan urrundu diren heinean, eta hasieran orkatilak estaltzeko ere gauza ez zen ur-emari urria ontziolak suspertzeko lain da, hogeitaka kilometro eskasetan.
Ez da galbiderik, itsas-haizearen kresal-usaina jarraitu baino ez dago, Isuntza zubiraino.
Oharrak
(1) Nahiz bertakook ere "bidegorrixa" deitu.
(2) Batez ere Arbatzegiko (Munitibar) Done Bikendi elizatik Ibarrola auzoko Goikolea baserriraino.
(3) Munitibarretik Aulestiraino eskas seinaleztatua. Aulestitik Lekeitiora, nabarmen hobeto.
(4) Hain zuzen ere, Aulestiko tabernan sartu, txakolina eskatu eta tabernariak galdetu, birritan pentsatzeke: "Giputza ala bizkaitarra?".