Lazpiur, eredu
"Retos y realidades de las pymes. Cómo lograr el éxito competitivo” delako jardunaldiaren baitan atzo aurkeztu zen, Deustuko Unibertsitatean, Lazpiur. El modelo de una pyme ejemplar liburua, Pedro Gómez Damborenea kazetariak idatzia, Jose Guillermo Zubia oñatiarraren hitzaurreaz.
Hain zuzen ere, Pepe Zubiak berak laburbildu zuenez, hiru omen dira Lazpiur enpresa-ereduaren zutabeak: epe-luzerako lan-egitasmoa burutu, lan-sistema iraunkorra ezarri eta baloreetan oinarritu; alegia, sinesgarritasuna, gardentasuna, entzuten jakin eta langileen konpromisoaz jabetzen asmatu. “Teoriaz erraza, segurutik, baina praktikan dezente konplexua”.
Migel Lazpiurren esanetan, berriz, plano bitan oinarritu da orain ehun urte Bergaran sortutako enpresa honen estrategiaren arrakasta. Lehen planoan, eguneroko lana, kudeaketa, logistika, berrikuntza, nazioarteratzea, bezeroenganako arreta etab. Bigarren planoan, ostera, etorkizun-gogoeta, hausnar-lana, aldaketari beldurrik ez izatea eta, zer gerta ere, egoera berrietara egokitzeko prest egotea.
Liburuak hiru parte arras bereiziak ditu: Bergarako Lazpiur familiaren zertzeladak, Lazpiur lantegiaren arrakastaren nondik norakoa eta Migel Lazpiurri berari egindako elkarrizketa. Lehena oso “bergarakúa” da. Bigarrena, enpresa-munduaz arduratzen diren irakurleentzat aproposa eta hirugarrena, azkenik, larre motzeko gizon handi batekin egindako solasaldia.
Jaioko omen dira berriak… beste horrenbestekoak bai ote?