Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lazkano bergararra, Bilboren bihotzean

Lazkano bergararra, Bilboren bihotzean

Amatiño 2010/11/01 00:52
Astegun buru zurian, arratseko bostak aldera, 75 ikusle eta 15 laguneko 3 bisitari-talde zenbatu nituen, Bilboko Arte Ederretako Museoan, Jesus Mari Lazkanoren erakusketan. Ezin uka zerbait berezirik behar dela, nahitaez, arratsalde erdian horrenbeste lagun ezein pintura-agerpenen inguruan bildu ahal izateko. Eta onartu beharko, gainera, bergararraren moldeak baduela kritikariak, adituak eta ezjakinak aldi berean biltzeko gaitasunik.

Ez dago arteaz batere ulertu beharrik Arkitekturatik naturara deritzan erakustaldian gustura sentitzeko.  Ez dago inondik ere pinturaberarik izan beharrik Lazkanoren margolanen aurrean barne-muinetako emoziorik sumatzeko. Pintoreak berak adierazi bezala: Emozioen ateak irekiz, hausnarrean jartzen gaituen eraikuntza intelektuala da pintura.

Lazkanok gazte-gaztetatik izan du “esku ona” marrazkitarako. Berezko teknikarik ez zaio sekula falta izan. Behar bada “ondoegi” pintatzen zuen,  pintore ona izateko horrenbesteko trebetasunik behar ez omen zen garaietan. Izan ere, bere erabakirik garrantzitsuena ez zen pintore izan nahia, bere belaunaldiko giroari muzin egin eta, bere kautan,  zer gerta ere, pintura hiperrealistari ekitea eta jarraitzea baino.

Laurogeitaka koadroren artean bada zer hautatu baina, aukeran, handienetatik hiru azpimarratuko nituzke. Batetik, “Alvar Aalto argiaren bila Arratzun”, finlandiarraren omenezko baso berdexka. Bestetik, “Gure Uzelai zeruan zarana” deitu itsaso-puska galanta, Jose Mari Uzelai zenaren hodeiez jantzia. Eta, batez ere, etxera eramateko modukoa (etxean sartuko balitzait, jakina) “Giacometti Gorbeian galduta”.

Aipagarri,  bestalde, Arte Ederretako Museoaren beraren gorazarretan Lazkanok egindako pintura-sail joria. Aitak eraman izaten zuen txikitan Bergaratik Bilbora, eta museoa omen da, artistaren iritziz, Bilboren bihotza. Bilborena alegia, ez Bilbokoa. Artista dena artista baita, baita honelako ñabarduretan ere.

Ikusi beharreko erakusketa… nahiz eta urtean behin bat baino ikusi ez.

 Lazkano650

Jesus Mari Lazkano eta "Giacometti Gorbeian galduta"

Lazkano6502

Giacomettiren "Gizon ibiltaria" Gorbeian zehar

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: