Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lau urte barruko zientzia fikzioa

Lau urte barruko zientzia fikzioa

Amatiño 2013/05/05 14:10
Zer gerta ere, sinesgarritasuna omen da zientzia fikzio onargarriaren eta onartezinaren arteko marra gorria. Joseph Kosinski zuzendariaren azken filma ez da inondik ere sinesgarria baina, egungo marketing-leloak esango lukeenez, “funtzionatu” egiten du.

Ez, Oblivion-ek (2013) ez digu 2077ko sasi-errealitaterik sumarazi nahi, eta galaxien arteko gerrarik itxaro lezakeenak hobe luke etxean geratu. Funtsean, maitasun-istorioa baino ez da filma, gizadiaren epikaren baitan. “Oblivion” hitzak ahaztea, ahanztura, esangura du ingelesez eta bada kritikarik ahaztu beharreko pelikulatzat jo duenik. Hala ere, filmak badu, ene irudiko, behar besteko xarma eta lilurarik.

Aurrenengo ordu erdian ikusle arruntak pentsa dezake: “zer egiten dut nik hemen?" Baina aurrera egin ahala, matazak uste gabeko mutur berriak hariltzen ditu… ez beti, egia esan, ñabardura guztiak bat-batera ulertzeko besteko gardentasunez.

Irudi ikusgarriak, zinez, eta ez nolabaiteko efektu bereziengatik, Islandiako paisaia paregabeak eta gauerdiko eguzkiak eskaintzen dituen egokiera eta abagunei esker baizik. Teknologia-diseinua, berriz, eraikinen eiteak nahiz ibilgailuen moldeak, behingoz argiak, zuriak, garbiak, txukunak… 2001: una odisea en el espacio (Stanley Kubrick, 1968) aitzindariaren ildotik.

Sendo gero Tom Cruise, Jack Harper astronautarenak egiten; eta nabarmen aparteko, azpimarragarri, Andrea Riseborough, bere buruaren jabe ez izan arren –edo horregatik-- denerako lankide-otsein-maitale eraginkor den Victoria Olsenen zereginetan.

Kontakizuna, gertatu, 2077an gertatzen da. Baina, istorioa hasi, 2017an hasi. Lau urte barru alegia. Horretara, zientzia fikzioa ote? Benetan? Halabiz.

Islandia

Jack Harper (Tom Cruise) komandantea

vICTORIA

Victoria Olsen (Andrea Riseborough), funtzio orotarako lankide eraginkorra

Burbuila

Burbuila-ontzia (bubbleship)

Oblivion kraterra

Apokalipsiak ez du efektu berezirik behar, Islandiara joan baino

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: