Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lau txapeldun eta iledun bakarra

Lau txapeldun eta iledun bakarra

Amatiño 2024/04/21 08:45
Lugaritzeko "Imanol Larzabal" aretoa lepo, aitzakiarik eta estuasunik gabeko saio gozatsua, bertso adineko txaloz jantzia. Lau bertsolariok zein baino zein taxuzkoago, “lau txapeldun eta iledun bakarra” Sebastian Lizasok azpimarratu nahi izan zuenez.

Txapeldunen bertso-saioak” hasiera eman zion, ostiral iluntzean, Donostia Kulturak antolatutako Bilintxen Menda Bertso Hamabostaldiari. Taula gainean, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, Txapelketa Nagusia irabazi dutenen artetik jarraitzen duten lauak*.

Lauak ere, zaharrenetik gazteenera,   1958, 1961, 1976 zein 1983ko lau hamarkada desberdinetan jaioak, urteak aurrera joan ahala elkarrengandik gero eta hurbilago sentitzen diren arren. Ez dute-eta, nonbait, “martxan honetan lauok belaunaldi berekoak izaten amaituko”, Lujanbiok iradoki bezala. Eta "pentsakera antzekoak", Arzallusek ezarri. 

Lau txapeldunen jarioa honezkero batere zalantzan jartzerik ez dagoelarik,  aukeran aipagarri Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen hiruzpalau galdera ezin aproposagoak, ez baitira plazarik plaza segitzen duten lau txapeldunak edozein egunetan elkarrekin biltzen. Alegia: irabazitako txapela gordeta ote dute inon? Inoiz salduko ote lukete irabazitako txapelik? Irabazi ostean kantatu beharreko bertsoa aldez aurretik prestatua eraman ote zuen inork? Sinetsi ala ez, denetariko erantzun esanguratsu bezain gogoangarriak.

Hamabostaldiak ez du hasi besterik egin. Hurrengo ekitaldiek izango al dute aurrenengoak besteko harrera onik? Lehenari ezin uka, behintzat, akuiluarenak egin ez dituenik.

* Xabier Amurizak 1980 eta 1982ko Txapelketa Nagusiak irabazi zituen, eta 1990eko hamarraldian utzi zion plazarik plaza ibiltzeari.

Lau txapeldunak
Ainhoa Larretxea, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Sebastian Lizaso.

Hurrengo ekitaldiak

-- Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik.Jon Sarasuaren hitzaldia.

Apirilaren 24ean Ernest Lluch Kultura Elkartean.

-- Bertsolari Txapelketen antologia kantatua. Hitzaldi musikatua. Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibartzabal eta Aner Euzkitze bertsolariak, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikaz lagunduta. Aurkezle, Aizpea Goenaga

Apirilaren 28an, Antzoki Zaharrean.

-- Gai-jartzailetzaren bilakaera. Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabalen arteko solasaldia, Xabier Euzkitze mahaiburu.

Maiatzaren 2an, San Telmo Museoan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: