Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lau mila bider hobea eta hobeto

Lau mila bider hobea eta hobeto

Amatiño 2014/11/28 09:45
“Yo no renuncio a que San Sebastián también sea la capital futbolística de Euskadi “ esan berri du Ernesto Gasco zinegotzi sozialista donostiarrak. “Nosotros no somos los hermanos pobres de Bilbao”. Eta ezarri: “Espero que el nuevo Anoeta le dé 4.000 vueltas al nuevo San Mamés”.

Ez dut esango Gascok arrazoirik ez duenik. Baina ez dudana sekula ulertuko da donostiarren estrabismoa eta anbiziorik eza. Estrabismoa, ze Gasteiz edo Iruñea, esaterako, biak Donostia baino handiagoak izan arren, ez dira sekula agertzen donostiarren gurarien artean. Nonbait, xedea, helburua, iparra, eredua… Bilbo besterik ez da.

Eta, anbiziorik eza, ze, antza, Donostia inguruko hainbat gipuzkoarren ostertza Bilbon amaitzen da. Hau da, Gascok ez du Anoeta berririk nahi Londresko Stamford zelaia bezain xarmanta, Bartzelonako Camp Nou-ren besteko handia edo Municheko Allianz Arena bezainbateko ederra. Ez, paradigma da, zer gerta ere, San Mamesi lau mila buelta ematea!

Nik ez dakit donostiarrak bilbotarren anaia txiroak ote diren. Baina bai, behar bada, euren ezak, ezinak, gabeziak eta hutsak inoren bizkarretik zuritzen artista handiak direna; eta, bide batez, tarteka-marteka, ustezko errudunak bilbotarrak badira… hainbat hobe.

Donostiarrek –eta gipuzkoarrek oro har— Bilboko zein Bizkaiko ezein egitasmori lau mila buelta eman nahi baldin badiote, ekin diezaiotela behingoz, ahalik eta azkarren, zereginik ez zaie-eta falta. Ondo dago San Mames baino nabarmen hobea izango den Anoeta berria aldarrikatzea; primeran, Donostia Euskadiko “futbol-hiriburua” izan dadin amets egitea; baina kopiatzen hastekotan, beti ere komenigarri litzateke gogoratzea, bizkaitarrek orain berrogei urte ekin ziotela Kanpoko Bilboko Portua eraikitzeari; duela hogei, hondakinen eta zaborren estrategiari eta, besteak beste, betidanik jabetu izan direla energiaren erronkaz.

Bilbo baino lau mila bider hobeak? Bai, zergatik ez? Baina ez gero txorakerietan! Eta, saiatze aldera baino ez... hasiko bagina 2016ko Europako Kultura Hiriburutza orain arte baino lau mila bider hobeto antolatzen? Edo Chillida-Leku lau mila bider lehenago irekitzen?

Edo, are errazago, zer egin behar da Koldo Mitxelena Kulturunea igandetan irekitzeko… “probintziakoak” ere joan gaitezen? Ala hau ere bilbotarren errua ote?

jaime
jaime dio:
2014/11/29 19:09
Hainbeste ezinikusi, inbidi, ika-mika, gatazka, traizio, batasun eza edota gure arteko kainismo maltzur eta onartezina ikusi ondoren, ez da harritzekoa gure historian zehar ez garela inoiz aske edo independente izan, ezta izango ere. Merezi ez dugulako
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: