Lau ikuskizun, lau
Maisu-lana
Ez dut sekula uste izan dokumentala areto komertzialetan ikusteko genero aproposa denik. Ordubetetik gorako edozein dokumental lar luze ere badela kementsu defenditu izan dut sarri. Inside job delakoak, ordea, nere aurreiritzi guztiak hautsi eta uxatu ditu. Zer esanik ez kontuan izanik ulertarazten batere erraza ez diren gaiez (subprime hipotekak eta 2008ko finantza-krisialdia) ari dela.
Umore punttu eta guzti, maisu-lana kazetaritzaz eta muntaia ezin hobea, zeharo biribila. Kazetari-lanbidea goratzen dutenetakoa. Sekulako ikuskizuna. Mundiala. Aurtengo Oscarra dokumentalik onenari.
Amaiera mortala
Subprime kreditoen berri jakin beharrik gabe elkar hiltzeko gauza den gizartea eskaintzen digu Denis Villeneuve zuzendariaren Incendies filmak. Ikuskizun latza gero, eta are amaiera mortalagoa. Zine-zinea, jatorriz antzerkilana den arren. Nekez proposamen gordinagorik horren irudi zakar urriz edo, gutxienez, laburrez.
Zinera urtean pare bat bider baino joan izaten ez direnek ere ikusi beharrekoa.
Tsunami aurretik eta ostetik
Martxoaren 11ko hondamendiaren ondoko irudiak eta argazkiak uholdeka ikusi ahal izan ditugu eta honezkero ez da gero batere erraza ezer berriegirik aurkitzea baina, hala ere, The New York Times egunkariak eskaintzen duen proposamenak badu nolabaiteko balio erantsirik.
Satelitez ateratako hogei ikuspegi eskaintzen ditu, bakoitza bi egun ezberdinez aterata: lurrikara aurretik, bata, tsunamiaren ostetik, bestea. Eta bata zein bestea aldi berean ikusi daitezke, gortina ezker-eskuinez aldatuz.
Aldaketa zinez adierazgarria adierazgarririk bada.
Azkenean, San Telmo
Behar bada gaur egungo belaunaldiarentzat San Telmo museoa museo bat gehiago besterik ez da, era batez zein bestez museoak perretxikoak bezala ugaldu dira-eta azken hogeita hamar urteotan; baina demokrazia berreskuratu aurretik Bizkaiko eta Gipuzkoako (besterik zen Araban eta Nafarroan, kontzertu ekonomikoei esker) museo-panorama benetan tristea zen.
Umetan, San Telmo museoa genuen Gipuzkoako bakarrenetakoa eta, urteak joan eta urteak etorri, ustekabean aittittatu gara ganorazko eraberrikuntzaren baten itxaropenetan.
Milaka lagun bertaratu dira azken asteburu honetan, oraingoz ezer gutxi ikusteko egia esan (ikus-entzunezko dezente onak, audioa ez horren fina), baina aitortu behar, hala ere, egitura oneko moldaketa ematen duela eta, antza denez, lehena eta oraina, eraikin zaharra eta berria, elkarrekin ezkontarazten asmatu egin dela.