Larrugorritan
FOESSAk* hizkuntza propioa duten espainiar herrialdeetako etxekoandreen artean egin zuen inkesta, 1970ean, tokian tokiko “hizkuntza-boluntarismoa” neurtzeko. Hizkuntzarekiko borondate hau litzateke erkidego bakoitzeko hizkuntza nazionala (sic) jakin beharrik ezaren eta seme-alabei irakatsi nahiaren arteko arrakala.
Harako inkestaren emaitzak** honako hauek izan ziren, alegia: Katalunian %10, Balear Uharteetan %16, Galizian %24, Valentziar Herrian %28 eta Euskadin %38. Hau da, mutur biak aipatzekotan, Katalunian katalanez jakin beharra ez zen borondate-kontua, gizarte-presioaren eskakizuna baizik; eta Euskadin, aldiz, ikasi nahia handia zen, nahiz euskal gizartean bizi izateko euskara premiazkoa ez izan.
Berrogeita hamar urte geroago, herri-administrazioa, eskola eta komunikabideak nabarmen euskaldundu ostean, nekez esan daiteke, oraindik ere, euskaraz jakin beharrik dagoenik, herririk gehienetan lasai samar bizi ahal izateko. Nago, ordea, 1970eko hizkuntza-borondatea ez dela gurean aldatu eta apostu egingo nuke, inkestarik egingo balitz, Euskadi izango litzatekeela, orain ere, hizkuntza-boluntarismorik handiena erakutsiko lukeen erkidegoa. Are gehiago “besteak” badira ikasi behar dutenak.
Seme-alabek euskaraz ikas dezaten borondate onik ez da nonbait falta, baina ez da nahiko. Azken 40 urteotako esperientziaz badakigu, 80 eta 90eko hamarkadetan ikastolara joandako egungo gurasoek errazegi hitz egiten dietela gaztelaniaz ikastolara eramaten dituzten seme-alabei. Euskal jendeak, oro har, gizarte elebiduna aldarrikatzen du, baina inor gutxik uste du berak ezer berezirik egin behar duenik, seme-alabak euskal eskolara eramateaz gainera.
Galdetuz gero, euskal prentsa, irratia eta telebista nahi ditugu, bai, baina izan daitezen nahi dugu, badirela esan ahal izateko, ez guk kontsumitzeko. Atxagaz, Lertxundiz, Saizarbitoriaz eta enparauaz harro gara, are gehiago gaztelaniazko bertsioak irakurtzeko aukera dugunetik. Informazio elebidunaren zale gara… gaztelaniazko zutabea irakurtzeko egokiera ematen digun heinean. Orduak egiten ditugu korrika, gimnasioan, kantatzen edo musika-tresnaren bati amain ematen, baina ezta bost minutu ere, hilean behin, euskarazko testu koskor bat irakurtzen.
Ez diogu euskarari gutxieneko duintasunik ere onartzen. Mundu guztiak daki “muchas gracias” hitz bi direna, eta tontolapikoarena litzateke elkarrekin jartzea. Baina edonork idatzi ohi du “eskerrikasko” eta bi hitz direla iradokiz gero, beti dago norbait esango duena: “eso en euskera académico… pero en Eibar siempre hemos dicho junto, no? Además, lo importante es que se entienda”. Gora gu eta gutarrak, gora analfabetoen matxinada, tokian tokiko herri-euskararen aitzakiaz.
Sekulako erosotasuna deskubritu dugu honako gizarte elebidun teoriko honetan, non, nahiz norberaren praktika elebakarra izan, elebidun sentitzen garen, eta gizarte elebidunaren partaide izateaz harro gauden… bigarren mailako elebakarraren aurrean, batez ere.
Baina gizarte elebidunaren estalpean euskal analfabeto funtzionalen artean eraikitako gizarteak etorkizun latza du. Noizbait konturatuko gara buztinezko euskarritan oinarritutako jauregia eraiki dugula. Eta, garaiz ohartzeko gauza ez bagara, inoiz helduko da belaunaldi berria, egiari zor, batere lotsarik gabe, esango duena, Andersenen errege biluziaren ipuinean bezala: “baina, larrugorritan doaz-eta!”
*FOESSA (Fomento de Estudios Sociales y Sociología Aplicada). Cáritasek sortarazi zuen 1965 urtean, Espainiako gizarte-egoera zertan zen ahalik eta objektiboen ezagutzeko.
** Situación actual del euskara y posibilidades sociopolíticas a medio plazo. Las lenguas nacionales en el ámbito de la Administración. Luis Aranberri. Valencia, 1979.