Larrak larritzen, gitxiak arbintzen
"Larrak larritzen, gitxiak arbintzen" esaera bizkaitarrak dioenez, inork ez zuen odolustua albiste txartzat hartu, are gutxiago hondamenditzat jo, 1980eko hamarkada arte edo. Jakinekoa zen Eibarrek leku gutxi eta enpresa gehiegi zeukana. Gainera, bostehun urteko industria-tradizioak ondotxo erakusten zuen eibartarron ekimena gauza zela behar ahala nahi beste lantegi berri sortarazteko. Inor gutxi arduratu zen arazoaz eta, geroztik, Eibarko enpresa zein langile-kopuruak maldan behera jarraitu baino ez du egin, urtez urte.
Industria sektore zaharkitutzat jo eta “zerbitzu-hiria” bihurtzearen aldeko apostua egin zuenik ere ez zen falta izan. Utikan tximiniak, betoz bata zuriak. Zenbait intelektualek eta sasiletratuk nahi izan ziguten sinestarazi industria XIX.mendeko ekonomiaren hondakina baino ez zela, eta etorkizuna zein berrikuntza zerbitzu-gizartetik etorriko zirela. Auskalo horrek Espainiarentzat balio izango ote zuen baina, oraindik ere, hainbat hamarkada geroago, Alemanian, Holandan, Norvegian, Finlandia, Txekian edo Korean, esaterako, industria-arloak hazten jarraitzen dihardu.
Behar bada Eibarko udalak ez zuen joan zen mendean behar beste egin enpresak bertan gera zitezen. Beste garai batzuk omen ziren. Baina, 2000 urtetik hona ere nik neuk ezagutu ditut, euren lur-eremuetan industriarik erraztu nahi izan ez duten euskal udalak. Bai aspaldidanik dauden lantegiei handitzen utzi nahi izan ez dieten alkateak, eta bai udalerrian kokatu nahi zuten berriei baimena eragotzi dietenak. Udal askok muzin egin dio industriari hainbat urtetan.
Udal bakoitzak jakingo du zein hiri-mota nahi duen suspertu. Ondo dago polikiroldegiak, etxe elkarri atxikiak, berdeguneak eta pasealeku zabalak egitea. Baina euren lurralde-ordenamenduan, egitasmoa estrategikoetan eta hiri-baldintzetan enpresei arnaslekurik lagatzen ez dieten udalerriek sobera izango dituzte, hurrengo belaunaldian, zorioneko kiroldegiak, etxebizitzak, parkeak eta astilekuak. Ez dute aukera horiez baliatzeko hiritarrik izango eta, are gutxiago jakina, nork ordainduko.
Eibarren datu jakinekoa da BH 1959an joan zena Gasteiza. Inork ez bide daki, ordea, Gasteizko Udalak 1958an zabaldu zuena lehen industrialdea, Azitaingoa 1996an zabaldu zen artean... Seguru gero Gasteizek industria-lur gehiago zuela. Bai. Baina, behar bada, baita aurreikuspen pittinen bat gehiago ere.
BHren egoitza nagusia Eibarren, 1950eko hamarkadan. Eibartarrok harrotzen gintuen lantegia
* BH jotzen da beti Gasteiza aurrenik aldegin zuen enpresatzat, handienetakoa zenez gero. Baina, izatez, BH bigarrena izan zen. Lehena altzari metalikoak egiten zituen Astaburuaga izan zen, 1948an.
Industri birmoldaketa dela eta, Bilbo hiriak hainbat eta hainbat enpresa garrantzitsuak galdu zituen, baina, jakina, berde gune handiz edertua dago. Zenbat aldiz ez diet bada entzuten bilbotarrei: Qué bonito está Bilbao, que a gusto se puede pasear ahora por la Ría.
Noski, baina Ibaizabal aldetik paseatzerakoan, Ruiz de Velasco, Euskalduna, Labe Garaiak, Zorrozaurreko tailerrak eta hainbat enpresen falta sumatzen ditut. Garai haietan ez zegoen astirik paseatzeko. Ez horixe!!
Ondorio on bat izan zuen BH enpresaren gasteiztartzeak: gasteiztar askoren euskal kontzientziaren berreskurapena. Eibarko euskaldunei esker!
Euskal kontzientzia hau irmoki finkatu zen gero Eusko Jaurlaritzaren etorrerarekin.