Espezializazio lar
Oso oker ez banago, 1961 urte inguruan jarri nituen estreinako lentillak. Orain dela 55 urte, beraz. Hamasei urte nituela. Jose Maria Castivia (1926-2013) optikoak, Realeko jokalari izandakoak, jarri zizkidan Donostian. Berak egin zidan egin beharreko guztia, begien kurbadura erabaki, dioptriak neurtu, kendu-ipinia asmatu, ohitzen lagundu, garbitzen erakutsi eta gainerakoak.
Castivia zena jubilatu zenean, Juan Ignacio Lorente oftalmologoa ezagutu nuen mendian. Juaninazio, Martin Zabaleta Everest gailurrera eraman zuen euskal espedizioaren taldeburua izan zen eta makinatxo bat ordu egin dugu elkarrekin eskiatzen. Azken hiru hamarkadatan bera izan da nire begien zaindari eta bera arduratu, niretzako lentillarik aproposenak egokitzen eta eguneratzen. Jubilatu den arte.
Duela zenbait astebete hogeita hamar urte inguruko oftalmologo batengana joan behar izan nuen lehen aldiz, lentilla berriak jartzeko asmotan. Lehen mailako teknologia, segurutik, eta instalazio berri-berriak. Egin zizkidan egin beharreko froga eta neurketa guztiak eta zorionak eman zizkidan hamar urte gazteagoaren begiak izateagatik.
-- Ba… oso ondo. Eskerrik asko… eta lentillak?
-- Lentillak? Oftalmologook ez dugu lentillarik jartzen, hori optikoen lana da.
Zelan gero esan oftalmologo gazteari azken 55 urteotan, optikoa nahiz oftalmologoa izan, pertsona berberak egin izan dizkidala egin beharreko guztiak han-hemenka jardun beharrean? Dena den, ezinbestean, joan naiz optikoarengana, lentillarik jarriko ote dizkidan galdetuz.
-- Lentillarik erabili al duzu inoiz?
-- Bai, egunero azken 55 urteotan.
-- Ah… eta zelakoak daramatzazu?
-- Ba… betikoak.
-- Bai baina, kendu-ipinikoak edo nolakoak?
Aitaren batean bat begitik kendu, optiko izutuaren aurrean mahai gainean kristaltxoa utzi, eta diotsat:
-- Honelakoa…
-- Ene ba… gogorra!
-- Esan dizut, betikoa…
Baina, nonbait, kontua ez da horren erraza. Ditudanak utzi beharko ditut, laborategira bidali ditzaten, berdinak egin ahal izateko: “Guk ez dugu lentillarik egiten”.
Zalantzarik ez gero teknologia ikaragarri garatu dela azken mende honetan, baina 1960an Realeko jokalari ohiak egin lezakeena osatzeko, orain hiru lagun behar dira: oftalmologoa, optikoa eta laborategikoa . Seguru gero, hiru bider geldoagoa eta hiru aldiz garestiagoa dela. Eta hala ere, gehiago ordaindu arren, zalantzak ditut, 55 urte iraun dezakeen teknologiarik moldatzeko lain izango ote diren hiruen artean.