Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lanik eskatzekotan, lan-eskaintzari egokitu behar

Lanik eskatzekotan, lan-eskaintzari egokitu behar

Amatiño 2017/03/24 15:35
Datorren astelehenean, Euskal Autonomia Erkidegoko sei enpresa-erakundek --Mondragón, DanobatGroup, Petronor, Uvesco, Tubacex eta ITP-- lankidetza-protokoloa sinatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin batera, gazteen artean Lanbide Heziketaren garrantzia sustatzeko eta Heziketa Duala deritzan formula areagotzeko.

Gaur egun ez du inork zalantzan jartzen Lanbide Heziketa Duala (enpresaren eta eskolaren arteko heziketa bateratua) denik lanpostua lortzeko eta finkatzeko biderik artezena eta lasterrena. Datua ezin esanguratsuagoa da: Lanbide Heziketa Dualaz baliatzen diren ikasleen %92 enpresan bertan geratzen dira. Nonbait, ez soilik prestakuntza egokia erakusteko abagunea dutelako, baita lan-jarrera aproposa frogatzen dutelako ere.

Lanbide Heziketa Dualak erantzun nahi dio, besteak beste, euskal gizartean nabarmen sumatzen den paradoxari. Batetik, lan egin lezaketen 16-24 urte arteko gazteen %25ek, lautik batek, ez dute lanik aurkitzen; eta, bestetik, aldi berean, industria- enpresak kexu dira ez dutelako behar besteko teknikaririk, teknologorik, informatikorik edo matematikorik topatzen.

Segurutik, logiko samarra da nork bere gustuko ikasketak egin nahi izatea. Hala ere, auskalo horren logikoa ote den enpresek behar duten prestakuntza-motari muzin eginez lanposturik aldarrikatzea.

Lanaldirako eta astialdirako ikasketak

Egungo aitona-amonen gurasoek ezer gutxi ikasteko aukera izan zuten. Oraingo aitona-amonen eta euren seme-alaben belaunaldiek, berriz, gustukoen zutena ikasteko aukeraren bat edo beste izan zuten eta, oro har, egindako ikasketei zegozkien lanpostuetan aritzeko modua-edo.

Haatik, oraingo gazteek zein ondotik etorriko direnek, edozer ikasteko sekula baino aukera gehiago izan arren, nekez lan egin ahal izango dute euren ikasketei legozkiekeen lanpostu guztietan, merkatuaren eskabideak eskainiko dituenetan baino.

Honek ez du esangura, besterik gabe, hurrengo belaunaldiak lan-kontutan zapuztuko direnik, lanpostuak aurkitzeko (dirua irabazteko) eta astialdia lantzeko (bokazioari amain emateko) bi ikasketa-eremu ezberdini ekin beharko dietela baizik.

Eta dikotomia hau, zenbaitek besterik pentsatu arren, uste baino antzinakoagoa da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: