Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Landareen euskal izenak

Landareen euskal izenak

Amatiño 2010/05/07 00:10
“Los nombres vascos de las plantas son dignos de estudio por varios motivos: por sí mismos, en primer lugar; por su frecuente aparición en topónimos, en segundo; y, finalmente, porque apenas son conocidos fuera de la zona de habla vasca” (Salamanca, 1955)

Honelatsu hasten da liburuak ordenatzen dihardudala eskura etorri zaidan alea. Nombres Vascos de las Plantas deritza, K. Bouda eta D. Baumgartl hizkuntzalari alemaniarrek eskuz idatzia da, Salamankako Unibertsitateak (Filosofía y Letras. Tomo VII, núm. 3) 1955an argitara emana, Koldo Mitxelena zenak gaztelaniaz itzuli ostean.

Ehun orrialdeko liburuxka bitxia da, sekulako ikerketa eta bilduma, ezjakinontzat inondik ere burutua izan ez zena. Egileok 800 inguru euskal landare-izen aztertu zuten, baita edozenbat alemanez eta latinez jarri ere. Hona aurkibidea: I) árboles; II) plantas y animales; III) hombre y paisaje; IV comparaciones y propiedades; V) hierbas y flores; VI) préstamos y calcos; VII) plantas cultivadas; VIII) onomatopeyas.

Aipagarri, bestalde, bederatzigarren zein azken kapitulua, Coincidencias vasco-caucásicas, non autoreek –euskararen jatorri kaukasiarraren tesia segurutzat jota— 49 adibide zehatz mehatz laburbiltzen dituzten bata bestearen ondotik, parebako zerrendan, georgiera, txetxeniarra, zirkaziarra,  mingraliarra, abjasiarra, tsakhurra, lakkarra eta Kaukasoko beste zenbait hizkera-molde lekuko aipatuz.

Bilduma hau ez zen ezelan ere lehena. Egileok hitzaurrean aipatzen dutenez, jakin bazekiten aurretik izan zirena Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas (J. M. de Lacoizqueta. Pamplona, 1888), Ciberouko botanika edo lantharen jakitatia (Athabe. Bayonne, 1900), Quelques extraits du vocabulaire basque (Martin Guilbeau. St-Jean-de-Luz, 1908) eta Eskualherriko landareak (J. Elissalde. Gure Herria, 1931). Baita, jakina, Azkueren (Bilbao, 1906) nahiz Lhanderen (Paris, 1926) hiztegiak ere.

 Nombre plantas

Koldo Mitxelenak alemanieraz dezente zekienaren frogarik onenetakoa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: