Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Landabururen biografia eta testamentua

Landabururen biografia eta testamentua

Amatiño 2022/05/11 08:35
Egungo Eusko Alderdi Jeltzalearen gorputz ideologikoa “Agirreren belaunaldiaren” pentsamoldeetan oinarritzen da. Belaunaldi haren pentsalaria Javier Landaburu izan zen. Ideiak eta argudioak “La causa del pueblo vasco” (1) saiakeran bildu zituen arabarrak. Eta guztiak txirikordatu ditu Arrieta historialariak Landabururen biografian.

"Al servicio de la causa vasca. Biografía de F.J. Landaburu, 1907-1963” (Tecnos, 2021) delakoa hiru parte kronologikotan eta bi irakurketa-motatan banatu du Leire Arrieta (Mutriku, 1971) Deustuko Historia Garaikideko Doktoreak.

Partez parte, lehena, De Vitoria a Madrid. El joven Landaburu (1907-1936). Gaztaroko euskaltzaletasunaz, ondoko abertzaletasunaz eta Errepublika garaiaz. Bigarrena, Del nacionalismo al europeísmo. La madurez del político (1937-1951),  Bigarren Mundu Gerraz eta ondoko europar oreka berriaz. Eta hirugarren, berriz, De commis-voyageur a vicelehendakari del Gobierrno Vasco. Reflexión a futuro (1951-1963), Washingtonek, Vatikanoak eta mendebaldeko demokraziek Francoren diktadura onesteak erakarri zuen etsipenaz.

Historia-gertakariak ardatz kronologikotzat hartuz, Arrietak Landabururi falta eta zor zitzaion biografia burutu eta, denetariko iturriez zein bibliografia oparoaz baliatuz, sekulako informazio-pila bezain berria bildu ahal izan du.

Baina ez da, horratik, Arrietaren emaitza hor amaitzen. Hasieran esan bezala, historia-kontakizun kronologikoaz gainera, biografia ideologiko modukoa eskaini nahi izan du egileak, saiakeran banatu dituen hiru zatietako bakoitzaren amaieran, Landaburuk zelan pentsatzen zuen errazago ulertarazteko. Hain zuzen, Agirre 1960an hil zen, Landaburu hiru urte geroago, eta bataren zein bestearen kezkarik handienetakoa zera izan zen: zelan hurrengo belaunaldiari adierazi, hain une zail eta larrietan --gerra eta gerra ostea, tarteko-- indarrean jarri behar izan zituzten balio etikoen nondik norakoa.

Agirre Landaburu
Agirre eta Landaburu, 1950eko hamarkadan.

Arrazoi batez zein beste (auskalo norberak erabakitzen ote duen ideologia, ala zirkunstantziek sartzen zaituzten errail ideologikoan), aitortu behar dut betidanik sentitu izan dudala nire burua gogotik eroso Jose Antonio Agirre, Javier Landaburu, Jesus M. Leizaola, Manuel Irujo eta enparauen artean. Eta haien alderdi-giroan,  euren tesiak ez direla beti nagusi izan jakiteko ere, ez zait aukerarik falta izan.

Landaburuk, herri-erakundeak berreskuratu baino 20 urte lehenago, aldarrikatu zuen abertzaletasun baketsua, humanista, demokratikoa, errepublikanoa, inklusiboa, euskaltzalea, aurrerakoia eta Europa zalea. 1963an hil zen, inguruan sumatzen zuen hainbat gazte-andanaz zeharo kezkatua, baina zetorren hondamendia inondik ere igarri ezinik(2).

(1) La causa del pueblo vasco.

(2) Ametsik gaiztoenean ere, Landaburuk nekez suma zezakeen hilzorian, aberria beste modu batez salbatu nahi omen zuten gazte haiek, hamabi urteko Gorka semea titadynez erasotuko zutenik berrogei urte geroago. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: