Lanari laga
Llabur-llabur esanda, badirudi arazoa ez dela katramilatsuegia. Alegia: gero eta urte gehiago bizi gara. Hurrengo urteetan jubilatuen kopurua ikaragarri gehituko da eta langileena, ostera, nabarmen gutxitu. Hau da, gero eta gehiago izango gara pentsioa kobratu nahi izango dugunok eta, aldi berean, gero eta gutxiago gizarte-segurtasuna ordainduko dutenak. Horretara, pentsioak murriztuko ez badira, ordaintzaileek gehiago ordaindu beharko dute urteko ala --beste aukera bat-- urtero orain beste baina urte gehiagotan.
Hala ere, eztabaida honetako urte-kontuen gainetik, ni gehien harritzen nauena jendeak lana uzteko duen presa da. Zertarako ote? Ni bonba atomikoa bezain zaharra naiz, beste hogeitabosten bat urte bizitzeko asmoa daukat eta ez dut ulertzen zenbaiten erretiroa hartzeko irrika. Nere ustez, presarik ez izateko arrazoi nagusiak hiru dira, besteak beste:
- Kronologia-arrazoia. Izan ere, aurten jubilatuko banintz, ez dut sumatzen zer arraio egingo ote nukeen hiruzpalau urte barru jubilatuz gero egin ez nezakeenik. Bizitza luzea da. Zergatik eta zertarako ajenda aurreratu? Utz gero egutegia bere gisara!
- Ideologia-arrazoia. Ni beharrean hasi nintzenean (1963) sei laneguneko astea zen eta hamar eguneko oporrak. Gaur egun, aldiz, lau egun t’erdiko astea dut, hilabeteko oporrak, lantzean behingo zubiak eta, gutxi bailiran, Gabonetan zein Aste Santuan, zubitzarrak. Ondo dago sozialak izatea, ezkertiarrak, ekologiazaleak, modernoak, aurrerakoiak, solidarioak etab. Baina inork ez du gero pentsatuko “eskubidetzat” jotzen ditugun zenbait lan-aldarrikapen kontserbadoreak eta insolidario hutsak ez direnik ezta?
- Biologia-arrazoia. Gazteagoek jakin ez arren, hirurogeitik gorako helduen hiztegian berbarik amorragarrienetakoa, ahal dela gutxien erabili beharrekoa, “laga” da: erretzeari laga, edateari laga, afaltzeari laga, irtetzeari laga, kirolari laga, larrua jotzeari laga, gidatzeari laga… etab. Nik ere, 65 urteko edonork bezala, kristoren beldurra diot aipatutako guzti horri laga beharrari. Baina hau guztia egia izanik –eta arras ulergarria, noski--, zer dela eta lanari laga nahi hori?
Inork aitortzen ez duen arren, zahartzaroaren adierazgarririk handienetakoa lanari laga beharra da. Izan ere, gizarteak ez gaitu ofizial zahartzen, erretzeari, edateari, afaltzeari, kirolari edo larrua jotzeari lagatzeagatik, lanari lagatzeagatik baino. Eta, paradoxa bada ere, inork zahartu nahi ez duen mundu honetan mundu guztiak nahi du lanari laga…
Ba… nik, ez.
Beno amatiño adarjotze pizkatxo batez, moztik euk bizarra lepo paretik sendo eta nik jasoko dizkiat hik jubilazioan kobratu beharreko sosak 50 urte bete behar dizkiat eta, ein? sozialismo es libertad