Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lady Bird, halaber

Lady Bird, halaber

Amatiño 2018/03/09 13:35
Bost nominazio, bost, zituen "Lady Bird" filmak eta esku-hutsik geratu zen, astelehen gauean, Hollywoodeko Oscar sarien emanaldian zehar. Hala ere, nago, oro har, egunotan zine-aretoetan ikusi daitekeen filmik osatuenetakoa dela, nahiz, sailez sail, urrezko irudi zehatzik ez bereganatu.
Lady Bird, halaber

S. Ronan, "Lady Bird"

Segurutik ez du La forma del agua filmaren magiarik, Dunkerque-ren  garautasunik, El hilo invisible-ren dotoretasunik, Guillermo del Toro zuzendariaren mailakorik edo Frances McDormand aktoresaren besteko esperientziadunik, baina aipatu bat-berak ere ez du Lady Bird-en pareko normaltasuna, Greta Gerwig-en egokitasuna edo Saoirse Ronan-en sinesgarritasuna.

Onartu beharraren beharrez onartu dezagun Lady Bird ez dela, ezertan, onenetan onena gertatu, eta, hartara, ez duela ezein arlotan elastiko horirik merezi izan; baina, aldi berean, aitortu ere aitortu dezagun, inongo sailkapenetan agertzen ez den “erregulartasun” maillota inork irabaztekotan, Lady Bird litzatekeela garailerik aproposena, nahiz historiarik egin ez.

Ondo dago, gero, ideia, gidoia, giroa, musika, interpretazioa, teknika, hornidura, janzkera, ekoizpena edo baliabideak, sailez sail saritzea, baina zineak badu narraziotik ugari, jokamoldetik dezente eta ikusentzulearekin bat egiteko gaitasunetik asko; eta esparru edo enparau honetan, behintzat, Lady Bird filmak badu zer eskaini eta zer erakutsi.

Denok izan gara noizbait nerabe, denok eztabaidatu dugu inoiz gurasoekin, denok ere sentitu izan gara sarri galzorian eta asmatu ezinean. Greta Gerwig zuzendariak eguneroko esperientzia arruntak nabarmentzen dizkigu, gizarte anitzaren denetariko ezpalak (adopzioa, homosexualitatea, feminismoa, matxismoa, anorexia, arrazakeria, lanik eza, harropuzkeria, belaunaldiarteko ataka, itxurakeria…) islatzen dizkigu, zirt-zart batean, beti ere “trenbidearen beste aldean” bizi direnen jarrerak eta irizpideak ulertaraziz.

Saoirse Ronan aktoreak (23 dituen arren) 17 urteko nerabearenak antzezten ditu. Bere bizitza hain da tipìkoa, topikoa, ohikoa, normala eta arrunta eze, ezin ulergarriagoa eta hurbilagoa egiten zaigula, gu ere, besterik uste arren, bizimodu tipiko, topiko, ohiko, normal eta arrunt horretako seme-alabak izan garenez gero, ezin bestean.

Zein soila --eta, aldi berean, zaila-- den gero bizitza. Zein jarrera kontrajarriak sumatu daitezkeen, antza, elkarrekin bizi diren senitarteen eta lagunen artean… Lady Bird adin guztietako ikusentzuleentzako moduko filma da, denok izan gara-eta noizbait gazte, denok sentitu baikara inoiz nahi eta ezinezta, zerbait nahi eta zer nahi dugun ere jakinezta.

Misteriorik gabeko film nabarmen arrunt eta atsegina… Horra, agian, misteriorik handiena.

Estatu Batuetako gizarte zarpaila

Oscar sarien eta nominazioen inguruan aritu diren filmen artean hiru izan dira, gutxienik, Estatu Batuetako gizarte xumeetan girotutako filmak: Tres anuncios en las afueras, Yo, Tonya eta Lady Bird, Missourin (Ebbing), Oregonen (Portland) eta Californian (Sacramento) kokatuak, hurrenez hurren.

Gustua gustu, Zazpigarren Arteak eskaini ditzakeen aukeren gainetik, lehen biak iparamerikar gizarte bortitz, gordin, zarpail eta desegituratuaren adierazgarri dira eta Lady Bird da, hain zuzen, gozotasun eta itxaropen apurren bat eskaintzen duen bakarra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: