Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Labayru, Etniker eta euskara

Labayru, Etniker eta euskara

Amatiño 2022/03/06 23:20
Labayru Fundazioak aurreko astean aurkeztu zuen, Bilbon, burutu berri duen “Atlas Etnográfico de Vasconia” delakoaren bertsio digitala. Hau da, Joxemiel Barandiaranen eraginez eta 1970eko hamarkadan hasita, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean zein Nafarroan sortu ziren Etniker taldeek 1990etik aurrera argitara emandako 850 orrialdeko zortzi liburukote galanten digitalizazioa.
Labayru, Etniker eta euskara

Donostia, 1934

Aurkezpen osteko prentsaurrean, euskarazko hedabideetako baten kazetariak galdetu zuen: "eta, euskaraz?" Ez da erraz asmatzea zer ote dagoen, zehatz, galdera horren atzean. Edo Atlasaren 7.000 orrialdeen erredakzioa gaztelaniaz egon arren hainbat hitz eta esaera euskaraz jaso direna ez jakitea, edo digitalizatzea zer den ez ulertzea edo guztiak, zer gerta ere, nahierara, euskaraz izan behar duela pentsatzea.

Nago, pasadizo honek erakusten duela zein den euskal gizartearen euskararekiko jarrera: oso murritza eginkizunetan, baina zeharo aldarrikatzailea eskakizunetan. Antza, inork ez du entzun gura (are gutxiago aipatu) etnikerlarien lanik gehiena erdaraz denik, nahiz gero haien emaitzen zabalkundea euskaraz izan dadin nahi. Baina, hori, sakoneko arazoari ez ikusi egiteaz gainera, “mezularia hiltzea” besterik ez da.

Ez diet nik konturik hartuko orain 30 urte Euskal Herriko Etnografia Atlasa, herrian herriko hizkuntzan bildu arren, gaztelaniaz argitaratzeari ekin ziotenei, baina, are gutxiago, jakina, Labayru Fundazioari, zortzi liburukoteak sareratzeaz arduratu izan ez balitz, Barandiaranek eragindako bost hamarkadako etnografia-altxorra liburutegietako hautsetan ahaztua geratuko litzateke-eta.

Hain zuzen, atera berria da “ETNIKER. Cincuenta años de investigación etnográfica en Vasconia” (Etniker Euskalerria. Iruñea, 2021) non, aurkezpenaz gainera, bost (4+1) euskal herrialdeetako hamaika etnikerlarik azken berrogeita hamar urteotako zertzeladak laburbiltzen dituzten. Hamabi ekarpenetatik, hamaika gaztelaniaz eta bat frantsesez*. Horrelakorik, 1970ean, tira. Baina 2020an… Hori da inork makillatu ezinezko benetako egia.

Diru-laguntza publiko-pribatua lortu eta, Labayru Fundazioak Etniker Euskalerriaren Atlasa sareratu ahal izan du, hainbat izenburu, aurkibide eta sarrera euskaraz, frantsesez eta ingelesez ezarri ostean. Labayruk lehenetsi nahi izan du 7.000 orrialdeko funtsa Internetez eskaintzea, gaur egun inork ez baititu 850 orrialdeko zortzi liburukote etxeratuko, doan eman arren ere. Euskaratu daitekeela? Bai, ez da tuit sorta soila, baina bai, euskaratu, euskaratu zitekeen.

Beste kontu bat, ostera, hori ote den Etniker Euskalerriaren lehentasunetakoa.

*Jakineko etnikerlari ezagun samarren ekarpenez gainera, beste lau idazlanek osatzen dute liburua. Bat ingelesez, bi gaztelaniaz eta beste bat, Joseba Agirreazkuenaga Historian Katedradunarena, euskaraz.

Atlasa, Labayru
Aurkezpena, Bilboko Itsasmuseumean. Ezkerretik eskuinera: Francisco Javier Zubiaur (Etniker), Lorea Bilbao (Kultura et Euskara ahalduna), Unai Rementeria (Bizkaiko ahaldun nagusia), Igone Etxebarria (Labayru) eta Emiliano Lopez Atxurra (Petronor).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: