La Ascensión al Everest
Gure amak ez zuen batere arrazoi berezirik liburuak erosteko. Baina Hillaryk eta Tenzing-ek 1953ko maiatzaren 29an Everest gailurrera egindako lehen igoaldi harek erabateko informazio-andana, jarduna eta zirrara sortarazi zituen han-hemenka eta gure ama ez zegoen gertakari hari pasamisi egiteko. Oraindik ere gogoan dut zelan etorri zitzaidan liburua eskuan zuela, begira-begira esanez, sekulako altxorraren jabe balitz bezala. Baita liburuak zekartzan “santuak”, argazkiak alegia, erakutsi ere. Ez dakit berak esanda, liburuan irakurrita edo geroztik jakinda, Hillaryren anekdotarik harrigarriena zera izan izan da betidanik neretzat: Everestera aurrenengo aldiz igo eta, Hillaryk berak atera ziola argazkia Tenzing-i. Hau da, berebiziko argazki hartan ez dela Sir Edmund Hillary jauntxorik agertzen, Tenzing Norgay sherpa apala baino.
Nik beti gogoratuko dut gure ama zena irakurtzen. Orduak eta orduak botatzen zituen liburuak irakurtzen, edozer irakurtzen. Irakurle amorratua zen. Ez omen zen liburu txarrik. Denek omen zuten zer irakatsi. Denetan, baita txarrenetan ere, omen zegoen zer ikasirik. Anai-arrebok txikitandik ikasi genuen liburuartean bizi izaten eta laster asko jakin nuen gurean lagunen etxeetan baino liburu gehiago eta hobeak zeudena. Gure amari esker irakurri nuen nik ez bakarrik La Ascensión al Everest, baita Salgariren abenturak, Pio Barojaren nobelak, Piarres Lartzabalen antzerkiak, Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgainen edo Knut Hamsun-en Hambre.
Libururik ez zen sekula falta izan gure etxean. Hogeitaka aletako enziklopediak, zoología-albumak, arte-kritikak, literatura-antologiak eta historia-sorta luzeak. Etxez etxe jardun ohi zuten liburu-saltzaileek ondotxo ezagutzen zuten gure etxea. Gure ate hura emankorra zen, "bertan Bilbo" nonbait, beti baitzegoen norbait ate-joka, liburu-eskaintzan, bere onenak azaltzen.
Aldi berean, argitalpenen harpidetza gure eguneroko bizimoduaren parte zen: Vida Vasca, Jakin, Karmel, Auñamendi, Auspoa, Kuliska Sorta, Zeruko Argia, San Antonio de Padua, Jaunaren Deia... zer ez ote zen gero gure etxean jasotzen¡ Eta ez ama irakurle amorratu zelako bakarrik, baita aitak euskal harpidetzak egitea derrigorrezkotzat, ia erritotzat, jotzen zuelako ere.
Aitak ez zuen amaren irakurzaletasunik eta ardo-boteilen artean ezkutuko apaletan gordetzen zituen banaka batzuk baino ez zituen irakurtzen: Jose Antonio Agirreren Entre la libertad y la revolución, Juan de Iturralderen El catolicismo y la Cruzada de Franco eta era horretakoak. Hala ere, aita ama baino askoz ere zorrotzagoa zen euskara-kontuetan. Batere zalantzarik gabe, amak irakurzaletu gintuen baina aitak, berriz, euskaltzaletu.
Tenzing Norgay. Everesten, 1953ko maiatzaren 29an