Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kutxen eta txakolinen muga beretsuak

Kutxen eta txakolinen muga beretsuak

Amatiño 2010/12/11 00:10
BBK eta Vital Kutxa batzekotan ari omen dira harremanetan. Gipuzkoako Kutxa, aldi berean, albora begira, ez ikusi egiten. Hiru kutxek erakunde bakar bat osatzeko ideiak hogei urte ditu. Geroztik, ezer gutxi aurreratzeko gauza izan diren bitartean, Nafarroako CANa eta Kataluniako La Caixa, besteak beste, hazi baino ez dira egin urtez urte. Kutxei txakolindegi-kultura darie.

Asmakizuna izan zitekeen: Zertan dira antzeko txakolinak eta aurrezki kutxak? Erantzuna: euren jatorrizko herrialdeen arteko mugak gainditzeko dituzten eragozpenetan. Euskal txakolinek eta kutxek ez diote batere zailtasunik jarri izaten Euskal Erkidegotik kanpoko lehiakideei, sekulakoak ostera auzokoei.

Horra non txakolindegiak haserre, beldur edo nora ezean diren, Burgosen txakolina egin nahi dutela-eta. Zenbaitek dio hori ezinezkoa dela, txakolina euskalduna baino ez baita. Zelan izango da ba txakolina Burgoskoa? Baina Xabier Kintana euskaltzain jaunak ohi duen ironia ukroniarraz gogoratu digu txakolinari  txakolin deitu izan bagenio garaiz --txakoli deitu beharrean--,  gaur egun ez ginatekeela Burgosko chacoliaren beldur izango.

Dena dena, txakolina aurrezki kutxen pareko dira, kanpolarrosa samarrak alegia. Oso eskuzabalak dira kanpotarrekin eta ikaragarri zorrotzak eta estu-mestuak, ostera, bertakoekin. Nekez aurkituko duzu Bizkaiko Kutxarik Gipuzkoan, eta beste horrenbeste Kutxa giputzik Bizkaian, edo Vitalik gainerako bi herrialdeetan.  Baina La Caixa katalanik edo CAN nafarrik, berriz, dezente asko Euskal Autonomia Erkidego osoan. Erakunde nafarrak 72 bulego ditu honezkero hiru herrialdeetan eta kataluniarrak, berriz, 200 inguru.

Txakolinarekin beste horrenbeste gertatzen da. Gipuzkoako jatetxeetan denetariko ardoak aurkituko dituzu, espainiar guztiak ezezik baita Australiako zein Alsaziako zuriak ere; sekula ez, ostera, Bizkaiko txakolinik. Eta antzerako Bizkaian, Gaztelako edozein ardo petral eskainiko dizuten artean, nekez lortuko baituzu Getariako txakolinik.

Hori bai, sekula Bizkaiko txakolinik edan ez duten gipuzkoarrek sortze beretik dakite Bizkaikoa txarra dena, eta bizkaitarrik leloenak ere badaki  Getariako txakolina apar garratza besterik ez dena.  Arabarrei jaramonik egingo badiegu, berriz, txakolinak astegunetako ozpina egiteko baino ez du balio; igandeetarako, aukeran, ozpina egiteko ere hobe omen Errioxa arabarreko ardoa.

Auskalo inoiz Burgosko chacolirik izango ote den. Baina, inoiz baldin bada, baietz Araban, Bizkaian zein Gipuzkoan zehar batere mugarik gabe berehala zabaldu. Kanpoko aurrezki kutxak bezalaxe.

 Txakolina

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: