Kulturak, ohiturak eta azturak
Nire albokoak ez zekien, nonbait, Juan Ignacio Motiloa Industria-sailburuorde berria hamar urte luze egon denik lanean Txinan eta, segurutik, inguru hartan nekez ulertuko zukeena inork, jendartean aipatua eta txalotua izan den norbait, alprojantza, jesarrita geratu izana. Tokian tokiko kulturak, ohiturak eta azturak.
Motiloa gasteiztarra SPRIren ordezkari ezagutu nuen nik Chicagon, 2000 urtean. Oinarrizko ezpalak eta lanerako grina behar dira gero, Estatu Batuetako industria-hiririk handienean euskal enpresen zerbitzutara bulegoa irekitzeko eta kudeatzeko. Ordurako Politika Zientzietan zein Zuzenbidean lizentziatua zen, John Hopkins Unibertsitatean Nazioarteko Ekonomia Masterra egina eta Munduko Bankuaren Energia Berriztagarrien sailean aritua.
Agindutako zeregina ondo baino hobeto bete zuen, nonbait, Chicagon, handik Shanghaira bidali baitzuten, txineraz tutik ere ez zekien arren, SPRIren beste bulego bat ireki zezan. Aitaren batean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza indarrean jarri ez ezik, Shanghaiko bertako Euskal Etxea ere berak sortarazi zuen, baita aurrenengo lehendakari izan ere.
Geroztik, hainbat urtez ekimen pribatuan aritu izan da, zenbait euskal enpresa handiren Asia guztirako ordezkari nagusitzat, eta hona non, ia hogei urteren bueltan, etxeratzeko abagunea izan duen, Industria sailburu-orde eta SPRIren beraren nagusi gisa.
Lerro hauek argitaratu orduko gure Industria sailburu-ordea Txinara bidean izango da, euskal enpresentzako bide berriak suspertu gurarik. Bera da, segurutik, txineraz mintzo den lehen euskal politikaria, hango ohiturak eta azturak beste inork baino hobeto ezagutzen dituena.
Dena behar izango dugu 1.400 milioi biztanleren merkatu garau hartan muturra sartzeko.
Juan Ignacio Motiloa. Shanghai, 2002