Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kultura kalean

Kultura kalean

Amatiño 2014/10/07 00:05
Ustebako ikuskizun bitxia bezain atsegina eskaini ziguten aurreko larunbatean, Bergaran, bertako Orkestra Sinfonikoaren soka-taldeak eta Osintxuko Musiraka taldeko dantzariek, Beart elkarteko artista jendea tarteko. Kultura kaleratzea zen asmoa eta, hain zuzen, asmatu zuten.

Gaiak eta doinuak gizarteratzeko orduan, ez dira inondik ere ezezagunak Bergarako Orkestra Sinfonikoaren ahalmenak eta erakutsi ohi dituen joerak. Nabarmena gero, Alfredo Chirlaque zuzendariaren eragina, eta “belarri bistakoa” haren sena hainbat musikal, zine-banda eta euskal kanta egokitze eta moldatzerakoan: Sorotan bele, Mecano, Benito Lertxundi... “Out of Africa”, “Moulin Rouge”, “Lord of the rings”… Beti ere, zer esanik ez, Bergarako soka-taldeak ohiturik gauzkan bikaintasunaren lepotik.

Aitortu behar dut, ostera, sekula ikusi gabe nituela Osintxuko dantzariak. Joño… surprise, surprise… dantzari ikusgarriak gero, ikustea merezi dutenetakoak alegia. Politto asko, aurrez grabatuta ekarri zituzten soinu-uhinen haritik; eta, aparteko antzezkizun dotorea, berriz, Bergarako musikarien sokatik: gorputza zuten liraina eta, oinak zebiltzaten aidean...

Larunbat eguerdian, San Martin Agirre plazan, ez genuen guk kulturaren aukerarik egin. Kulturak harrapatu gintuen gu. Horixe zen, antza, helburua: mortalak esan beharrik gabe, isilik misilik, ia-ia ezustean, kultura kaleratzea.

Musikariak2

Bergarako Orkestra Sinfonikoaren soka-taldea

Dantzariak1

Osintxuk hiru auzo ditu: MUSkitxu, IRAba eta KAparra. Horra, nondik, “Musiraka” dantza-taldearen izena. 2005ean sortua, Amaia Agirreren eta beste hogeitaka lagunen eraginez.

Taldeosoa

Etorkizuna emakumeena omen...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: