Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kultura industriala

Kultura industriala

Amatiño 2018/06/19 16:10
Nahiz eguneroko gurpil motzean konturatu ez, industria da gure heroi nazionala. Uko eta muzin egin arren, kultura industrialaren seme-alabak gara. Eta ez XIX. mendeko Iraultzaren ondotik, barrena XIV. mendeko burdinoletan hasita baino.

Andres Arizkorretak, Gipuzkoako enpresarik nagusienaren presidenteak esan du: “nazioarteko salmentak ez balira, CAF-ek ez luke iraungo.”.

Hainbatek pentsa lezake ez dela harrigarria, trenak saltzeko CAF-ek kanpora irten beharra, trenak ez dira-eta kale-bazterreko dendetan saltzen. Baina Beasaingo tren-fabrikari gertatzen zaiona gertatzen zaie euskal enpresarik gehienei, Mercedes, Michelin, Irizar, Petronor, Ormazabal, Ikusi edo Sidenorri esaterako, eta makina-erreminta zein haize-errota sektore osoei. Honekin ez dut azpimarratu nahi kanpoko merkatuaren hil-ala-biziko garrantzia, baizik-eta zein bikain lan egin behar den, nazioarteko merkatu lehiakorrean euskal produktuak sailean saldu ahal izateko.

Segurutik gaitza da, eta meritu handikoa, Euskal Herri mailan mekaniko fina izatea, irakasle ona, suhiltzaile ausarta, kazetari ezaguna, artista arrakastatsua, ikertzaile estimatua, lehen mailako kirolaria edo edozein eratako profesional azkarra. Baina, Euskadin onena izatea gaitza baldin bada… ez gara behar beste jabetzen zein zaila izan behar duen mundu osoan enpresarik onenetakoa izatea.

Benetan ona izan behar da, gero, arrunt samarrak ematen duten esku-tresnak (giltzak, maratilak etab.) bost kontinenteetako ehun eta berrogeita hamar herrialdetan saltzeko, Gasteizko Ega Masterrek egiten duen bezalaxe. Eta oso argia izan behar da, bai, goi mailako ingenieritza-zerbitzuen %90a nazioarteko merkatuetan sakabanatzeko, Bilboko Senerrek egiten duen moduan.

Sekula gure bizitzan garaikurrik jaso ez dugunok sumatzen dugu ez dela erraza sariren bat merezi izatea edo, sikeran, txapelketatxoren bat irabaztea, baina, horratik, dezente zailagoa ematen du, XVII. mendean Otxandion zuztarrak dituen Vicinay enpresaren pare, etengabe lehen mailan irautea eta mundu osoko kate-fabrikatzaileen zerrendan, aurrenetakoa izaten jarraitzea, ez behin, mende luzetan baino.

Nahiz eguneroko gurpil motzean konturatu ez, industria da gure heroi nazionala. Uko eta muzin egin arren, kultura industrialaren seme-alabak gara. Eta ez XIX. mendeko Iraultzaren ondotik, barrena XIV. mendeko burdinoletan hasita baino.

Sarri aipatzen den leloa zera da: “Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”. Bai, egia da, baina ez aldarrikapen sasipolitikoak egiteko bakarrik; baita gure industriaz harrotzeko ere. Industria izan da, gure azken zazpiehun urteotako oinarri sozioekonomikoa. Industriaz ere, izan zirelako gara, eta garelako izango dira.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: